Antsietate eta beldurra bizitzaren parte dira. Mugako egoeratan gure gorputza aktibatu egiten da, horrekiko babesten saiatzen gaitu; hortaz, positiboki har genezake. Antsietatea ona da, existituko ez balitz, gorputzak ez luke arriskuen aurrean erreakzionatzen jakingo. Arazoa, beldur eta urduritasun horiek gure egunerokotasuna mugatzen edo oztopatzen dutenean dator, gure bizitzaren jabe bihurtzen direnean.
Antsietate erasoa pairatu nuen lehendabiziko aldian, kotxean nenbilen. Bihotza lehertuko zitzaidalakoan nengoen, abiadura bizian zihoan, oxigenoa ez zitzaidan biriketara heltzen, eztarria itxita nuen eta ezin nuen arnasarik egin. Ez nekien sentsazio hura identifikatzen, bihotzekoa zela uste nuen. Hura gertatu aurretik ez nintzen urduri sentitzen, ez zitzaizkidan ezer berezirik gertatu. Izan ere, antsietatea edozeinek pairatu dezake, egoera edozein delarik; estres jarraitu batek eragin dezake, baina ez du arrazoi zehatzik izan behar.
Gure pentsamenduek eragin handia dute horretan, zerk arduratzen gaituen, zerk urduritzen gaituen… Arazoa pentsamendu jarraitu horiez konturatzen ez garenean dator; hau da, gure inkontzientziaren baitan daudenean; baita kezka eta urduritasunak azaleratzen ez ditugunean ere, edo horiek konpontzeko biderik bilatzen ez dugunean. Antsietateri aurre egiteko, hura identifikatu eta kontrolatzen ikastea ezinbestekoa da, baina zera argi izan behar dugu: ez diogula antsietateari aurpegia kendu behar; hura ezabatzeko, horren aurka borrokatu beharra baitago. Ez diogu beldurrik izan behar, sentsazio deserosoa da, itogarria, baina ez gaitu minduko, ez gara horrekin hil egingo.
Rafael Santandreu psikologoaren hitzetan, gizakiak bi beldur mota pairatu ditzake. Alde batetik, beldur objektiboa; hau da, kanpo mehatxuekiko beldurra, jendartean hitz egiteari beldur izatea adibidez. Beste alde batetik, beldur neurotikoa dugu, norberaren pentsamenduekiko, sentsazioekiko edo emozioekiko beldurra alegia. Beldur objektiboa saihesgarria da; izan ere, beldurtzen gaituen objektu edo gertaera oro saihestuz, ekidin dezakegu. Beldur neurotikoa ordea, saihesgaitza da, gure sentsazio edo pentsamenduak ekidinezinak baitira, bidelagun ditugu.
Jendartean hitz egiteko beldurra oinarri hartuz, bi beldurren arteko ezberdintasuna azaltzeko, hurrengo grafikoari erreparatuko diogu.
Rafael Santandreu, “Nada es tan terrible”.
Aurreko infografian ikus daitekeen bezala, bi beldur motak bizikide izan daitezke, baina beldur neurotikoa izango da sufriarazi egingo gaituena. Gure pentsamenduekiko beldurrak gainera, berrelikatu egiten dira, gurpil zoro amaiezin batean sar gintezke. Hortaz, gurpil zoro hura desegiteko, ezabatzeko, sentsazio horien aurka borrokatu egin behar dugu, aurpegia erakutsi behar diegu eta haiei beldurra kendu.
Gizakiak pairatzen dituen beldur mota ezberdinak identifikatuz, antsietatea zer den ikasi egin dugu. Hurrengo astera begira, ariketa bat proposatzen dizuet: Hurrengo zazpi egunetan, burmuinak sortzen dizkizuen pentsamendu negatibo oro identifikatu eta idatzi egingo dituzue. Horrez gain, bakoitzaren alboan, ideia horiekiko aldaera bat idatziko duzue, pentsamendu negatiboari ebazpen bat bilaraziz. Hurrengo astera arte!