Card aplikazioa jendea ezagutzeko dugun modua erabat iraultzeko asmoz datorkigu. Premisa oso konkretu batetik abiatu ziren garatzaileak, Card sortzeko garaian: kontaktuen elkartrukatze “deserosoa” eta erabiltzaile-izen ugariak QR kode sinple batez edo link pertsonal batez ordezkatzearena, alegia. Bisita-txartel fisiko tradizionalak baino askoz informazio gehiago bilduko du, gainera, gure Card edo txartel birtualak.
Prozesu arina eta erraza jarraitu beharko du erabiltzaileak Card profila sortzeko. Norberaren sare sozialetara iristeko estekak erantsi beharko dira, gune eta aplikazio ugaritako kontuak gehitu daitezkeelarik. Twitter, Telegram, WhatsApp, Instagram, Snapchat, TikTok, Facebook, Reddit, Linkedin edo Gmail dira eskaintzen zaizkigun aukeretako batzuk.
Txartela sortuta, guretzako propio sortutako QR kodea aurkeztuko diogu jendeari edo, nahiago izanez gero, gure txartelera iristeko link edo esteka bera konpartitu. Link hori gure sare sozialetako biografian gehitzearen ideia ematen digu Card-ek, ezagutu nahi gaituztenei guregana bide orotatik irits daitezen errazteko. Honako itxura izango du esteka hipotetiko horrek: trycard.io/@username, esate baterako.
Gure aurpegirik serioena azaldu nahi dugunean
Lanera bideratutako profilei dagokienez, Business Card delako txartel alternatiboa sortzeko aukera ere aurkezten zaigu. Bestelako kontu bat izango litzateke, pertsonaletik banandua eta gure negozioaren beharretara moldatua. Negozio horretara fokatuta dauden profilak erantsiko ditugu, kasu honetan, sare sozialen atalean. Era berean, QR kodea kustomizatu eta pertsonalizatzeko aukera izango dugu kasu honetan, geure markaren logoa integratu baitaiteke kode horren itxuran.
Benetan baliagarria da txartel birtualaren erabilera hau, bezero posibleak jarraitzaile ere bilakatuko zaizkigulako, haiekin harreman estuagoa sortzeko abagunea emanez eta sareetan geure presentzia handituz.
Etorkizun handiko proiektu txikia
Ortzimugarantz begira, aukera aparta sortzen digu Card aplikazio jaioberriak, kontzeptu berri hau geure bizitzetan inplementatzeko. Oztopo bakarra dauka: AppleStore-n bakarrik topa dezakegu oraindik, eta horrek dezente mugatzen du aplikazio honen erabiltzaile posibleetarako irismena edo proposamenaren xede-taldea. Etorkizunean, ordea, irismen hori zabal lezake aplikazioak, erabilgarria gerta daiteke eta. Antzeko zerbitzua eskainiko duen imitatzaileren bat sortzea ere posible liteke, Android-erako ere operatuko duena.
Azken finean, egun, ezinbesteko gertatzen zaigu sarritan pertsona berriei edo kontratatu nahi gaituen enpresari gure datuak (pertsonalak baina baita gure interneteko pertsonaiari dagozkionak ere) luzatzea. Card geure buruaren aurkezpen horretan laguntzera dator: gure aurpegi guztiak bakarrean laburbiltzera.