Argazkia Nogen tladearen webgunetik geurenagatua
Donostian "jaiotako" taldeak, orain dela urte batzuk arte Nafarroak entzuten ez zen musika kategoria edo mota arrakastatsua bihurtu du. Lau kidez osatutako taldea da, eta 2016ean sortu zen.
Ibilbide laburreko taldea izan arren, Nøgenek zeresan handia eman du azken urtean bere hiru kantako lehen EParekin. 2016an Danimarkako Erasmuseko gau luzeek jo zituzten Nøgenen lehen ukelele akordeak. Horien eskutik josi zituen ilusioz, herriminez eta malenkoniaz Markel Idigorasek aurreneko melodia eta hitzak. Bere barrena islatzeko eta biluzteko nahia (hori baita Nøgen danieraz: biluzik) berekin ekarri zuen Donostiara bueltan eta segituan kutsatu zituen Alex Irazustaren gitarra eta Ane Negueruelaren ahotsa.
Hirukote gisa hasi zuen bere ibilbidea Nøgenek eta hainbat kontzertu eman zituen 2016ko udan. Pop-folk alaiaren (Mumford and Sons, Of Monsters And Men, La M.O.D.A...) ildotik sortutako kantu propioak eskaintzen zituzten. Soinu sendoagoa eta handiagoa bilatu nahian, urte amaieran Olatz Cuevas baxuan eta Jokin Guilisagasti baterian batu zitzaizkien, eta 2017ko uda iristerako boskotean aritu ziren zuzenean.
Aldi berean, proiektua ezagutarazteko asmoarekin, hiru kantuko “Lys” EPa prestatu zuten Muir estudioetan, udan aurkeztu zutena. Nora izan zen oihartzun bereziko singlea, taldea anonimatutik ateratzea lortu baitzuen.
2018 hasieran, proiektuak aurrera egiten zuela ikusita, eta Anek taldea uzteko erabakia hartu zuen momentu berean, lehen lan luzea grabatzeko apustua egin zuen Nøgenek: “Liv til døden” (Hil arte bizi). Azaroan ikusi du argia eta bederatzi kantu ditu, guztiak Haritz Harreguyren estudioan grabatuak eta Ultramarinosen masterizatuak. Lehen aurrerapen kantua da Enarak, maiatzean kaleratu zen.
Argazkia Nogen taldearen webgunetik geureganatua
Liv til døden ez da simulakro bat. Euskara eta ingelesa nahastuz, eta beraien nortasun bilakatzen ari den pop-folka oinarri hartuta, estilo honek bildu ditzakeen kolore guztiak jorratu dituzte. Freskotasuna gordetzen duen lan heldua jarri digu esku artean Nøgenek. “Lys”-en entzun genituen melodia alaiak Enarak, Hil arte Bizi edo D&D kantuetan mantentzen badira ere, Loreak eman arte abestiak, esaterako, erritmo pausatuagora eramango gaitu melodia apurtuen bidez, sakontasunean murgilduz. Bestalde, Anai edo Keari abestiek doinu nostalgikoak arakatzen dituzte hasieran, indarrez beteriko estribiloetan eztanda egiteko ondoren. Esperantza desesperatutik sortutako alaitasun nahi hori marraztu digu Nøgenek “Liv til døden”en. Baina sentimendu korapilatsu honek ez zaitzatela eraman; hartu arnasa sakon eta murgildu Oxigenoa izeneko kantuan. Folka baino popagoa den kantu honek testura zabalagoetara eramango gaitu, astiro osatzen eta intentsitatez igotzen doan gitarra arpegioa garatuz.