Izaki Gardenak gasteiztarren kontzertu amaierako irudia. Argazkia: Izaki Gardenak, sare sozialetatik hartua.
Donostiako Egia auzoko Dabadaba aretoak Gasteiz zirudien larunbat gauean. Erraiak disketxe autogestionatuak antolaturiko gauean, lehenik Montauk talde gaztea eta ondoren Izaki Gardenak aritu zen oholtza gainean. Negu iluneko Montauken musika melankolikotik, Jon Basagurenen ahots ederrera pasatu ginen ikus-entzulegoan ginenok. Garai berrietako eusnob kutsua ematen dioten lauzpabost lanpara kokatu zituzten euren alboan, eta argiztapena maneiatzen ari ziren langileek lan ederra egin zuten bertan ginenoi giro gozo bezain ederra transmititzeko.
Badu entzulegoa Izaki Gardenakek Euskal Herrian. Ez dituzte kontzertu ugari ematen, eta gosearekin nabaritzen zen jendea. Abestirik esanguratsuenak jo zituzten, jendearen barrenak ikutzeraino: Hiria irentsi abestia, adibidez, a capella abestu zuen Basagurenek, sekulako maila altuan. Dena oskol diska aurkezten zuten arren, kantu zaharrak ere jarri zituzten mahai gainean, zaletuon gustura.