Makarroiak egiteko modu ezberdina


Errezeta hau benetan erraza da eta dendan merke ditugun produktuekin egitekoa. Betiko tomatedun makarroiak edo makarroi entsaladak alde batera utzita, errezeta hau probatzeko garaia iritsi da.

Osagaiak:

  • 2 azenario
  • Brokoli 1
  • Gatza
  • Makarroi integralak
  • Piperbeltza
  • Almendrak

​Nola prestatu:

  • Makarroiak irakiten jarriko ditugu. Integralak direnez pixka bat gehiago eduki beharko ditugu sutan.
  • Azenarioak eta brokolia txikitu eta zartagin batean prestatzen hasiko gara, sua baxu jarrita eta olio gutxirekin (hasieran 6 edo 7 tenperatura inguruan eta gero 5 edo 4-ra jaitsiz).
  • Almendrak pixka bat zatitu eta brokolia eta azenarioa dauden zartaginera botako ditugu.
  • Nahasketa honi gatza eta piperbeltza botako dizkiogu.
  • Makarroiak 12 minutuz izango ditugu sutan eta barazkiak 20 minutuz gutxi gorabehera, bigun geratu daitezen.
  • Makarroiak prest daudenean uretatik atera eta barazkiekin nahastuko ditugu zartaginean, ur guztia kenduta. Dena batera sukaldatuko dugu pare bat minutuz.

On egin!

​

​