EITBren estilo liburuak (Martin, Cantalapiedra, Zalbidea-eta, 2016) lehen atalean honakoa dakar EITB erakundeaz eta printzipioez.
1. EITB, Euskal Autonomi Elkartean sortutako erakundea
Eusko Legebiltzarrak 1982ko maiatzean onartu zuen EiTB Herri Erakundea sortzeko ko Legea, Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernuan funtsezko tresna izan zedin, besteak beste, Euskadiko herritarren informazio eta parte-hartze politikorako, geure heziketa-sistemarekiko elkarlanerako eta, orobat, euskal kulturaren sustapen eta zabalkunderako eta, bereziki, euskararen sustapen eta garapenerako.
EiTB sortzeko legeak ezartzen duenez, EiTBren jarduera printzipio hauetan oinarritzen da (5/1982 Legea, maiatzaren 2koa, Euskal Irrati Telebista Herri Erakundea sortzeari buruzkoa; 3. art.):
a. Informazioen objektibotasuna, egiazkotasuna eta inpartzialtasuna.
b. Informazioa eta iritzia banatzea eta bereiztea, eta, iritziaren kasuan, eman duen pertsona identifikatzea.
c . Publizitate komertziala ere banatzea eta bereiztea.
d. Berdintasun-printzipioa eta pluralismo politiko, erlijioso, sozial, kultural eta linguistikoa errespetatzea.
e. Espainiako Konstituzioan eta EAEko Autonomia-estatutuan interes orokorraren alde jasota dauden bizikidetzaren herritar-balioak defendatzea eta sustatzea.
f . Espainiako Konstituzioan eta EAEko Autonomia-estatutuan jasota dauden eskubide guztiak errespetatzea.
g. Pertsonen ohorea, izen ona, irudia eta intimitatea errespetatzea.
h. Haurrak eta gazteak babestea eta sustatzea.
i . Euskara eta euskal kultura sustatzea. Programazio-lerro nagusiak ezartzeko, euskararen erabilera aintzat hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan orekatuta egon behar baitu irrati-telebistako edukien eskaintza osoak hizkuntzari dagokionez.
Ordutik hona, ikus-entzunezko sektore publikoaren erregulazioak aldaketa garrantzitsuak izan ditu. Espainia Europar Batasunean sartu eta gero (1986), ikus-entzunezko komunikazioko enpresa publikoak nazioarteko itunen bidez arautzen dira. Aipagarri dira Amsterdameko Tratatua (1997), eta Europako Parlamentuaren, Europako Kontseiluaren eta Europako Batzordearen beraren erregulazioak. Araudiok Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko legeetan jasotzen eta garatzen dira.
2. Zerbitzu publikoa
Zerbitzu publikoa deritzon kontzeptua da EiTBri dagokion araudiaren oinarria. Komunikazio-enpresa publiko bat den aldetik, Administrazioak eta Politikak zerbitzu publikoa emateko mandatua ezartzen diote EiTBri, eta, horren ordainean, EiTBren aurrekontuek finantzazio nahikoa eta proportzionatua dute. Ikus-entzunezko enpresa publikoak dituzten administrazio eta gobernuek mandatu-marko bat ezarri behar dute lege bidez, indarraldi jakin baterako, zerbitzu publikoa zertan datzan eta haren ezaugarriak zeintzuk diren zehaztuz.
2002tik aurrera, mandatu-marko hori programa-kontratu gisa gauzatu da EiTBn. 2016ko otsailaren 24ko programa-kontratuan jasotzen denez, euskal gizarteak, bera ordezkatzen duten erakundeen bitartez, aro digitalera egokitutako eta bideratutako misio hau ezarri dio EiTBri;
a. Kalitatezko informazioa eskaintzea.
b. Euskara eta euskal gizarte gero eta elebidunagoa sustatzea.
c. Euskal kultura bultzatzea eta zabaltzea.
d. Euskal kirola bultzatzea eta zabaltzea.
e. Euskal Herriko ikus-entzunezko industria sustatzea.
f. Gizarte-kohesioan laguntzea.
g. Informazio-gizartea herritar guztientzat sustatzea.
h. Euskal erakundeen Bake eta Bizikidetza Planarekiko konpromisoarekin jardutea.
i. Euskal erakundeen aurrerakuntza eta normalizaziorako planak eta jarduerak aurrera eramatea.
j. Herritarren parte-hartzerako espazioak eskaintzea.
k. Kudeaketa aurreratuko, gobernu arduratsuko eta enpresa-gardentasuneko printzipioak aplikatzea.
Misio hori betetzeko, EiTBk hainbat kanal ekoizten ditu telebistan, irratian eta Interneten, komunikazio-talde publiko baten egitura hartuta, eta eskaintza osatua eginez. Talde publikoa den aldetik, EiTBren eskaintzak honelakoa izan behar du:
a. Denentzat: herritar guztiei zuzendu behar zaie, euskarazko eta gaztelaniazko eduki multimediekin.
b. Orotarikoa: askotariko programazio orekatua izan behar du, informazioan, kulturan, hezkuntzan eta entretenimenduan huts egin gabe.
c. Jasangarria: aurrekontu publikoen, publizitateko diru-sarreren eta abarren bitartez finantzazio nahikoa izan behar du, enpresa-kostuak ordaintzeko.
d. Arduratsua: kudeaketa eredugarria izan behar du; gobernu-organoen eta gizartearen aurrean gardentasunez jardun behar du, eta erabilitako baliabide publikoen neurriko balioa itzuli behar dio gizarteari.
EiTBk gizartearen aurrean duen erantzukizuna harago eraman da, sei ardatzetan oinarrituriko gizarte-erantzukizuneko eredu baten bidez. Hauek dira sei ardatzok:
1. Gogokidetasuna, herritarrekin eta gizarteko interes-taldeekin.
2. Euskararen normalizazioa eta prestigioa.
3. Euskadiren irudia munduan.
4. Lana eta familiako bizitza bateratzeko politikak, eta garapen profesionala.
5. Ingurugiroarekiko konpromisoa, bai enpresa barruan, bai komunikabide gisa.
6. Jasangarritasuna, enpresari dagokionez, eta hornitzaile eta bezeroei dagokienez.
Gizarte-erantzukizuna gobernamenduari ere badagokio. Horrek esan nahi du zuzendaritza-organoen jarduerak egokia izan behar duela, eta stakeholderrekin (interes-taldeekin) harreman eta komunikazio egokia eduki behar dela.
Horrez gainera, indarrean dagoen legeriak agintzen duenez, organismo independente batek kontrolatu behar du zelan betetzen den zerbitzu publikoa emateko mandatua. EiTBri dagokionez, organismo hori EiTBren Legebiltzar Kontrolerako Batzordea da.
EiTBren plan estrategikoek funtsezkotzat jo dute informazio-eskaintzarik onena ekoizteko betebeharra, informazio-lidertza lortzearren. Lidergoa neurtzeko, audientzia-datuak ez ezik, beste ikerlan soziologiko kuantitatibo eta kualitatibo batzuen bidez aztertutako gizarte-balorazioak ere erabiltzen dira.
Zerbitzu digital berriek ere zerbitzu publikoaren misioari erantzun behar diote. Eten digitala gainditzea funtsezkoa da gizarte-kohesioari begira, eta EiTBk bere eginda dauka zeregin hori, euskal gizarteari komunikazio- eta partaidetza-gune bat eskaintzeko helburuarekin.
3. Informazio eskubidea
Informazioa eskuragarri edukitzea funtsezko eskubide bat da, eta pertsona guztiei dagokie. Eskubide horren titularrak herritarrak dira, eta komunikabideak eskubidea gauzatzeko euskarriak dira.
EiTB da Euskal Autonomia Erkidegoko komunikazio-erakunde publikoa, bertoko informazio-marka erreferentziazkoa, eta, hala den aldetik, kazetariari bere lanbidean jardutea erraztu behar dio, eta egoera kritikoetan babesa eman.
Informazio-eskubideak norabide bi dauzka —informazioa zabaltzea eta informazioa jasotzea—, eta EiTB norabide bietan dago herritarren zerbitzura. Informazioaren zabalkundeak librea izan behar du, eta edukiek, egiazkoak. Aldi berean, informazioetan gertakizunak, iritzia lantzeko gakoak eta herritarren intereseko berriak bildu behar dira. Herritarren interesekoa izatea gaiaren baitan eta protagonista diren pertsonen baitan egongo da.
Eskubide horien bermatzailea denez gero, EiTBk zorrozki zainduko du albistean azaltzen diren pertsonak ez gutxiestea, haien izen ona ez kaltetzea edo haien sinesgarritasuna ez suntsitzea informazioetan zabaltzen diren mezuen edo esateko moduen bidez. Hari horretatik, zorrozki zainduko du webguneetako eta ingurune multimedietako erabiltzaileen jarduera, edukien eta iritzien sortzaile diren aldetik. Egin litekeen kaltearen balorazioan, protagonisten proiekzio publikoa hartuko da aintzat. Ez zaio ezer gailenduko egiazkoa eta herritarren interesekoa izateko betebeharrari.
Adierazpen-eskubidearen eta informazio-eskubidearen defentsan, EiTBko profesionalak herritarren bitartekari izango dira, egia zabaldu eta jakin dadin. Lehentasuna garrantzi publikoa duten gaietan ipiniko da; ahalegin guztiak egingo dira gobernuek eta erakundeek gizartearen interesekoa izan daitekeen informazio guztia eman dezaten. Independentzia profesionala kontraprestazioen aurkakoa da. Horrenbestez, inork ezin dezake exijitu hedabideek gertakari jakin batzuen jarraipena egitea. Publikagarria zer den eta zer ez den erabakitzea, Erredakzioari eta Erredakzioko organoei dagokie.
Informazio-eskubideak ez ditu pertsonak datuak ematera edo adierazpenak egitera behartzen. Printzipio orokor gisa, errespetuz hartuko da isilik geratzea edo kazetarien galderei erantzuteari ezetz esatea. Nolanahi ere den, herritarrek erabaki horren berri izan behar dute, bereziki jarrera horren ondorioz informazioa osatu gabe iristen bazaie edo daturik ezak albistea ulertzea zailtzen badu.
Estilo Liburu honek betekizun nagusi bat du: EiTBren jarduerak euskal gizartearen informazio-eskubidearekin bat egiten duela bermatzea, kalitatezko informazioa zabaltzen duela eta jarduera profesional etiko eta arduratsua sustatzen duela egiaztatuz.
Erredakzioetan egunero sortzen diren debateen aurrean, Estilo Liburuak zehazten ditu informazioaren tratamendurako eta jardunbide profesionalerako arauak eta ildoak, Deontologia profesionalari jarraiki. Horrenbestez, mailarik goreneko dokumentua da, lanbidearen erronkei aurre egiteko etengabe gaurkotzen dena.