Komunikazioaren munduan mugitzen garenok badakigu lanbidearen izen ona arriskuan dagoela. Kode deontologikoak ahaztu nahian, komunikazio enpresa handiek prentsa sentsazionalista ekoizten dute. Zuzendariek ez dute produktu informatiboa sortzerik nahi. Ez, horrek ez du interesatzen. Geroz eta gehiago saldu, orduan eta indartsuago pentsatuko du batek baino gehiagok. Ez da komunikazioaren ikuspegitik begiratzen, baizik eta enpresagintzaren ikuspegitik. Asko saltzen bada, ez du axola pieza informatiboa ez izatea. Eta hori, baztergarria egiten zait.
Zoritxarrez, sentsazionalista eta errespetu gabeko kazetaritza gure egunerokoaren parte da. Julen, Totalán herrian putzura jausi zen umearen kasua da adibide garbia. Jausi eta erreskatearen lehenengo egunak kaotikoak izan ziren irakurlearentzat. Informazioa zehatza ez zen momentu haietan, hedabideek informazio nahasia eskaintzen zuten, titulu morbosoak azalean argitaratuz. Era berean, protagonisten intimitatea gorde baino, senideen mina mundu guztiaren begietan jarri zuten. Umearen aitari mikroa jarri eta hitz egitera behartzea, kazetaritza praktika desegokiak dira, izan ere, biktimaren familia mimo handiz zaindu beharra dago. Gertaera dramatikoa zen eta komunikabideek espektakuloa gehitu zioten. Jarduera periodistiko hauek ez datoz bat nik etorkizun batean egin nahi dudan kazetaritza moduarekin.
Teorian kazetaritza zintzo eta fidela egitea erraza dirudi, hala ere, praktikan guztiz kontrakoa da. Hedabidearen ildo ideologikoak, neurri haundiagoan edo txikiagoan, albistea baldintzatzen du eta horrek objetibotasunetik urruntzen du ekoitziko den produktua. Objetibotasun totala lortzea ezinezkoa den arren, subjetibotasun horretatik objetibotasunerantz jo behar da, istorioak gertatu diren bezala kontatuz. Hartzailea errespetatu eta entzun behar du hedabideak, enpresaren sostengua baita.
Publizitatea da beste mugetako bat. Gaur egun edozein komunikabideren diru iturri pribatuetako bat publizitatetik dator. Diru iturri nagusietako bat izate horrek, produktu periodistikoa baldintzatzen du. Kazetariak arreta handiz idatziko baitu babeslearen inguruko gertaerak. Honek objetibotasunetik urruntzen du pieza, kazetaritzaren benetako esentziatik urrunduz. Finantziazio pribatuetatik datorren iturri nagusia den heinean, egunkariak publizitatez josita egoten dira. Tamalez, komunikabide batek ezin du publizitatearen diruari uko egin, izan ere, egitekotan hedabidea desagertzeko arrisku handia sortzen da.
Bestalde, ‘Fake news’ hitza jende guztiaren ahotan dago. Zer gertatzen ote da? Berria da, lehen ez ziren gezurrak kontatzen? ‘Fake news’ delakoa, egitate gabeko albistea da, kontatzen dena ez baita egia. Gehien bat, bi helburu nagusirengatik egiten da; Alde batetik, diru gehiago irabazteko, eta beste alde batetik gizartearen pentsamenduan eragiteko, ideologia zehatz batera bultzateko.
Kontzeptuaren inguruan gehiago jakiteko, Marc Amorós kazetariari eginiko elkarrizketa irakurri dut. Kazetari katalana orain dela 20 urte lizentziatu zen Kazetaritzan eta ordutik hona milaka proiektu burutu ditu. Gaur gidoilaria eta telebistako zuzendaria da. Antena 3, LaSexta, Cadena SER eta RAC-etik pasatakoa da eta unibertsitateko irakaslea ere da.
Horrez gain, Amorósek ‘Fake news’: La verdad de las noticias falsas’ liburua idatzi berri du eta bertan kontzeptua aztertzen du sakon. Amorósek kontzeptuaren jatorria eta bere hedapena aztertu zuen:“Kontzeptua ez da berria, baina fenomenoa bai. Lehen gezurrak noski kontatzen zirela, baina, lagun eta senideen artean geratzen ziren. Orain, sare sozialei esker, gezurraren hedapena handiagoa da eta ondorioz inpaktua handiagoa da”.
Baina nola irabazten da dirua gezurrak esaten? Interneten dirua, informazio trafikoaren eta bisitekin sortzen dela adierazi zuen. Zoritxarrez, ez da informazio ona saritzen baizik eta informazioaren hedapena eta trafikoa. Hedabide batek bisiten ondorioz irabazten du dirua eta horrela publizitatea jartzen dio audientziari. Geroz eta hedapen handiagoa izan ‘fake news’-ak, orduan eta diru gehiago irabaziko du egileak. Gainera, kontutan eduki behar da gezurrez betetako albistea eta egiazko informazioaren artean, lehena askoz merkeagoa dela.
Geroz eta frekuentzia handiagorekin argitaratzen dira ‘fake news’-ak eta nola defendatu behar garen argi eduki behar dugu. Madrilgo Konplutense unibertsitatean honi buruzko ikerketa egin zuten. 2.000 pertsonako lagina aukeratu eta ea ‘fake news’ albisteak identifikatzen kapazak ziren galdetu zieten. 10-etik sei pertsonek baietz esaten zuten eta gero kasu praktikoan jarri zituzten inkestatuak. 4 titular ezberdin jarri eta 20tik 3-k bakarrik asmatu zuten zeintzuk ziren gezurrezko albisteak.
Amorós-en ustez, denok gai sentitzen gara ‘fake news’ antzemateko baina gero praktikan hori ez da horrela. Orokorrean, jendeak albistea azaletik aztertzen du eta ez ditu beste albiste batzuk arakatzen egia edo gezurra den jakiteko. Denok gara informazioaren kontsumitzaileak, baina denok ez gara kazetariak. ‘Fake news’-ak harrapatzeko denbora eta borondatea eduki behar dela gaineratu zuen kazetari katalanak.
Kontzeptua kasu praktikoetara ekarriz, segituan konturatuko gara milaka argitaratzen direla.‘Fake News’ edo Eduardo Inda esatea berdina da, izan ere, inork baino hobeto daki kazetari nafarrak kontzeptua. Artista da gezurrez betetako kontakizunak argitaratzen, beste inork ez duen gaitasun berezia baitu.
Fenomenoaren honen erdian kokatu behar dugu Nafarroako Altsasu herria. Gertatu zena baliatuz, egundokoak eta bi egin dira herri xume honetan hauteskunde kanpainetan botoak eskuratzeko.
Horrekin konforme ez eta PPko liderra den Pablo Casado eta Indak, martxoan, elkarrizketa grabatu zuten Koxka tabernan. Bukatu eta gero, Eduardo Indak bere ‘Fake news’ partikularra argitaratu zuen: “Mientras 25 proetarras se congregaban en torno al bar, y nos esperaban para darnos una calurosa salida. No nos hicieron nada por que vino la Guardia Civil. Si no, nos dan una ensalada de bofetadas que no estoy hoy aquí”. Geroago, irudiek erraz deuseztatu zuten albistea, izan ere, bertan eskolatik irtendako hiru gazte eta jubilatu bat zeuden. Egindakoa, euskaldunak kriminalizatzeko egin zuen, berak bere barrenean bazekien hori ez zela egia. Horrelako hamaika-mila egoera asmatzen ditu Indak eta honek ez dio mesederik egiten lanbideari.
Horrelako kazetarien presentziak, gizarteak kazetaritza gutxiestea eragiten du. Ez dute mesederik egiten, interes politikoak dituzte atzean eta geroz eta diru gehiago poltsikoratzea da beraien helburu nagusia. Bitartean, hainbat kazetari kualifikatu langabezian daude eta egoerak ez digu laguntzen etorkizunean lanbidearen barrenean sartuko garenoi.