Garaipena eskuratu du Gernika Rugby Taldeak Ohorezko B Mailari dagokion hamahirugarren jardunaldian. Joan den asteburuan Universidade de Vigo RC-aren aurkako neurketa bertan behera gelditu ostean, denboraldiko hamargarren garaipena eskuratu dute basurdeek. AVK Bera Bera RT garaitu dute Urbietan, azken emaitza 46-12koa izan delarik.
Urteko azken partidua jokatu dute gernikarrek Bera Beraren aurka. Partidari hasiera ezin hobea eman dio taldeak, neurketaren lehen minutuetan Welemuren bitartez entsegua lortuz. Minutuak igaro ahala entseguak lortzen joan da Gernika, lehen ordu erdia igaro denerako markagailuak 29-0koa adierazten zuelarik. Hasiera batetik erakutsi duten nagusitasun horrek partidan beraiek nahi zuten jokoa ezartzea ahalbideratu die, fase estatikoetan zein joko zabalean nagusi izanarekin bat.
Lehen ordu erdi hori igarota, Bera Berakoek aurrera pausua eman dute neurketan, eta partida parekatuz joan da. Lehen zatia amaitzear zegoela, Bera Berak bere lehen entsegua lortu du Unai Bayón-en eskutik. Atsedenaldian, gernikarrak aurretik ziren markagailuan, 29-7.
Bigarren zatian Bera Berakoak indartsuago zelairatu dira, lehen hogei bat minututan jokoan nagusi izan, entsegua lortu eta gernikarrei sufritu eragin diotelarik. Hogeigarren minutu horretatik aurrera, ordea, nekearen nolabaiteko agerpenaz baliatuz baita, Gernikako taldeak berriz ere lortu du planteatu nahi zuen jokoa zelaian erakustea. Orduantxe etorri dira bigarren zatiko entseguak, beste hiru hain zuzen. Azkenean, markagailuak 46-12koa adierazten zuen Urbietan.
Bi asteburutan ez da jardunaldirik izango, beraz amaiera ona eman dio etxeko taldeak urteari: bost puntu gehiago lortuz. 2020ari hasiera emateko Gernikak Getxo RT bisitatuko du. Getxotarrak sailkapen orokorrean lehen postuan dira, denboraldi honetan jokatutako neurketa guztiak irabazi dituztelarik.