Gogoan dut oraindik txikitan irakurtzen hasi nintzeneko momentu hura. Gurasoekin oporretan joan eta beti egunkaria ondoan. Hondartzara joateko motxila prestatzen hasi eta lehendabiziko gauza egunkaria. Eguneko altxorrik preziatuena bihurtzen zen, eta merkea zenez traba gutxi gurasoen partetik.
Honela, urteak joan ahala, kazetaritza kontsumitzeko formatuak aldatu egin dira. Webguneek prentsa tradizionala jan dute, eta beste horrenbeste egin du Youtubek telebistarekin. Irratia izan da mantendu den bakarra, ezaugarri berezi bat duelako; Kontsumitzen ari zaren bitartean, beste zerbait egiteko aukera duelako entzuleak.
Gaur egun, aukerak ez dira bost mila eta kazetari gazteak beraien proiektuak aurrera ateratzen hasi dira. Etorkizunean komunikatzaile euskaldunak izango garenok gure barrenetik atera behar ditugu proiektu eta ideia berriak.
Betidanik ezagutu dugun telebista tradizionalaren alternatiba sortzen ari da YouTube-n. Unibertsitatean, kazetaritzako ikasketak bukatuta, hainbatek Youtube-n kanala zabaldu eta bertan hasten dira Kazetaritza ekoizten. Audientzia bertan dagoenez, hainbatek plataforma honen aldeko apustua egiten dute..
Aukera egokia dela iruditzen zait, kontsumo ohiturak aldatu egin direlako. Lehen, Internet-a existitzen ez zen garaietan, telebistaren garrantzia sekulakoa zen. Gaur egun, egoera erabat aldatu da eta telebista ez da kantitate berean kontsumitzen.
Ofcom, telekomunikazio-industriaren erregulatzaile britaniarrak, Erresuma Batuan gazteen Youtube kontsumoa neurtu zuten. Ondorio esanguratsua atera zuten bertatik, izan ere, esaten ari nintzena baieztatzen du. 5-15 arteko gazteen %73-ak Youtube egunero kontsumitzen dute. Egoera Euskal Herrira ekarrita antzekoa gertatzen dela konturatuko zara, eta nik familian ikusi dezaket hau ez dela gezurra. 7, 10 eta 12 urteko hiru lehengusu ditut, eta gurasoen mugikorra hartzen duten bakoitzean, Youtubera sartzeko da. Lagunen artean ere, zer kontsumitzen duten galdetuta segituan erantzuten didate plataforman bisitatzen dituzten lauzpabost kanal.
Guk entretenimendua telebistan topatzen genuen. Gaur, entretenimendua Youtuben dagoela nahiko ebidentea da. Plataformaren garai onena da, eta telebistak atzetik datozen gazteen audientzia galdu du dagoeneko.
Bukatzeko, esan beharra dago plataforma honetan euskarazko edukien gabezia sekulakoa dela. Euskal komunitate sendo eta osasuntsu bat izateko euskarazko edukien presentzia bermatzea ezinbestekoa da. Hemen dago erronka biharko egunean komunikatzaile euskaldunak izango garenontzat; Euskarazko edukien kopurua areagotzea.