Telebistako berriemaileek eduki behar duten, hots, ordenagailuan sartu behar duten lehen programa kodek paketea da ezbairik gabe. Hori bai, kodekak sartu baino lehen, Windows sistema eragilea erabiliz gero, antibirusa ere jarri beharra dago, Avast edo AVG bezalako software programetako bat atxikiz.
Ahalik eta codec gehienak eduki behar dira ordenagailuan bideo eta soinu fitxategi guztiak ikusi ahal izateko. Gogora dezagun telebistan behin eta berriro lan egiten dugula ikusentzunezko fitxategiak ikusiz, deskargatuz edo eginez eta editatuz. Horrexegatik da inportantea edozein erreproduktore erabilita, dena ikusi edo entzun ahal izatea. Tamalez, editore eta sistema eragileak ez dira konpatibleak codec guztiekin. Baina lehenbizi, ikus dezagun Wikipediak zer dakarren codec sarreran (nik aldaketatxo batzuk egin ditut, okerrak bazter uzteko):
Codec Coder-decorder hitzen lehen silabetatik datorren hitza da. Software edo Hardware bidez garatzen da, eta datu jario edo seinale bat kodifikatzeko ahalmena du, Internet bidez bidaltzeko adibidez. Aldi berean, kodifikaturiko datu horiek jasotzea nahi duenak Codec-arekin kontrakoa egiteko gaitasuna du, hau da, sortu den datu multzo kodifikatua dekodifikatu, eta horrela, datu multzoak duen formatua exekutatzeko beharrezkoa den programa erabili.
Codec-ak bideokonferentzietan eta komunikabideen emanaldietan erabiltzen dira sarri.
Codec gehienek datu galerak dituzte, ahalik eta tamainarik txikiena lortzeko, saretik bidaltzeko. Galerarik ez duten codec-ak ere badira, baina azken hauen erabilera, galerak dituztenekin alderatuta txikia da. Honen zergatia, kalitate/tamaina erlazioa eskasa lortzean datza. Tamaina asko handitzen den arren, kalitatearen irabazia ia ez da nabaritzen...
Multimedia fitxategi askok bideo eta audio fitxategiak dituzte, eta askotan erreferentzia bat edo kontainer bat dute barnean audioa eta bideoa sinkronizatzeko. Hiru datu-jario hauek aplikazio, prozesu eta hardwareekin kontrola daitezke, baina datu-fluxuak erabilgarriak izateko, kapsulaturik egon behar dira. Kapsulazio hau burutzeko, fitxategi kontenedoreari formatu bat eman behar zaio. Formatu hauek .mpg,.avi,.mov,.mp4,.rm,.ogg,.mkv edo .tta izan daitezke, beste askoren artean.
Bestalde, ikusentzunezko programak edo soinua eta irudiak daramatzaten fitxategiak editatu ahal izateko hainbat programa daude. Horrela, Euskal Telebistan esaterako, Avid enpresaren Pinnacle programa erabili dute. Tamalez, programa hori nahiko inkonpatiblea da hainbat codec-ekin. Hori dela-eta, beti da lagungarria edukitzea erreproduktorea, fitxategi guztiak irakurri ahal dituena, baita editorea ere, ez ikusteko problemarik ematen ez digunik ere. Magix eta Power Director programak (Windows sisteman), esaterako, konpatibilitate handiagoa dute Adobe Premiere edo Pinnacle Studio programekin konparatuz.
Munduan zehar, hainbat programatzailek codec desberdinak bildu dituzte paketetan, erabiltzaileon bizitza errazteko, nolabait esateko. Horrela, Windows makinak darabiltzaten eta ikusentzunezko fitxategiekin lan egiten duten pertsonek ondorengo paketeetariko bat deskargatu behar dute irudi eta soinuen esparruan seguruago egoteko. Pentsa dezagun sigla edo laburkin mordoa dagoela arlo honetan: XviD, DivX, MPEG2, MPEG1, MP4, OGG, WMV... Batzuk soinuei dagozkie, beste batzuk, ostera, ikusentzunezkoei. XviD eta DivX oso erabiliak izan dira DVD formatuko filmak kalitate askorik galdu gabe formatu trinkoan jartzeko erabili direlako.
Windows sistema eragilean gehien erabiltzen direnak seguraski CCCP eta K-Lite Codec Pack dira Nire ustez, bi horietako onena CCCP da, hots, Combined Community Codec Pack deritzona. Gogora dezagun GNU/Linux sistema erabiltzen dugunok ez dugula problemarik Mint bertsioa edo VLC erabiliz gero.
Beheko bideo tutorial honetan informazioa ematen dizuet CCCP Codec Pack nola deskargatu ikusi ahal izateko. Bestalde, ikasiko duzue nola lortu Windowserako bideo-erreproduzitzaile ona eta azkarra Windows Player Classic Home Cinema (MPC-HC) eskuratuz, CCCP paketearekin berarekin deskargatzen baita modu librean eta doan). Windows Player libre hori VLCrekin batera edukitzea ona da, biak konparatu ahal izateko; era horretan konturatuko zarete zein azkarra den CCCPrekin doan erreproduktorea. Hortaz, bi erreproduktoreak edukitzea lagungarria izan daiteke, VLC proiektu librean ere lan eskerga egin baitute azken urteotan; gainera VLC sistema eragile guztietan baliatu ahal da.