Telebistetako kanaletako informazio saio nagusietan erreportaiak ez dira luzeak, saioaren iraupenak horrela izatea eskatzen duelako. Baina, batzuetan erreportaia luzeak edo handiak ikus ditzakegu telebistako zenbait saiotan. Estatu espainiarrean ospetsua da Informe semanal deritzon saioa. Erreportaia handiek betetzen dute RTVEko saio hori. Hortaz, erreportaia handia telebistako generotzat jo dezakegu. Bestalde, zinemagintzan dokumental hitza takean-potean edo maiz entzun dugu. Nahiz eta filmen arrakasta eduki ez, dokumental onak ikusten segitzen dugu aurreko mendetik, dela telebistan, dela zinematokian, dela Interneten edo ordenagailuko pantailan. Beraz, nahiz eta dokumentala zinemagintzako generotzat kontsidera dezakegun, badira izan ere dokumentalak, telebistarako espreski egindakoak.
Izan ere, dokumentalak zinemagintzatik datoz, eta erreportaia handiak telebistatik. Baina, amankomuneko gauzak ukan ditzakete, ezbairik gabe, batzuetan ez baita erraza biak bereiztea. Aditu batzuek noizbait esan dute erreportaia handia zenbait egunetan burutu ahal dela, eta dokumentala egiteko hilabeteak behar direla (Francés, 2003).
Orain dela urte asko, XX. mendean, honelaxe definitu zuen zinemagile batek dokumentala (Grierson, 1946):
The documentary is the branch of film production which goes to the actual, and photographs it and edits it and shapes it. It attempts to give form and pattern to the complex of direct observation
Erreportaia handiak, ostera, aukera eman dute telebistako ikerkuntza saio informatibo ospetsuenetakoak egiteko. Gaurkotasunezko gaiak tratatzeko, oso genero erabilia da erreportaia handia.
Ondoren, erka edo konpara ditzagun dokumentalak eta erreportaia handiak ezaugarriak aipatuz eta nolabait bereiztuz (Soler, 1998), nahiz eta maiz muga oso argia ez den.
Dokumentalaren ezaugarriak:
- Zinearen historiatik dator
- Metodologia: tratamendu geldoa, kamera finkoagoa da, irudiaren konposizio zaindua, musika eta mintzaira artistikoa
- Literaturaren eta estetikaren menpe dago
- Zuzendari zinematografikoak egindakoa izan ohi da
- Gaiak ez dira zertan izan behar gaurkotasunezkoak
- Edukiak zientifikoak, kulturalak, hezkuntzakoak edo historikoak izan ohi dira
- Ohiko formatuan 30-90 minutu arteko iraupena ukan ohi dute
Erreportaia handiaren ezaugarriak:
- Telebistatik dator
- Metodologia: zuzeneko estiloa eta aztoratu xamarra, kamera lepoan eraman ohi da, albiste saioetan lan egiten den bezalaxe egiten da lan erreportaia handietan, zinemako baliabide klasikoak bazter utzi ohi dira
- Kazetaritzaren menpe dago
- Berriemaile batek egina izaten da
- Gaurkotasunarekin estuki erlazionaturiko gaiak jorratzen dira
- Edukietan jaozera politikoak eta gizarteko gertakizunak izaten dira gaiak
- Iraupena aldakorra izaten da, askotan 30 minutu baino motzagoak
Eztabaida handia sortu da erreportaiak eta dokumentalak egiteko momentuan irudiak testuen menpe egon behar ala testuak irudien menpe, hots, lehenbizi gidoia egin behar den eta gero grabatu ala alderantziz, lehenbizi grabatu eta gero grabazioaren arabera testua idatzi. Profesionalen praktikak erakusten du edonola ere egin daitekeela (Pérez, 2003). Egia esan, gaia sakonki ezagutzen duen kazetariak grabazioa egin aurretik eskaleta bat idatz dezake eskema orokorra edukitzeko eta erreportaiaren atalak eta hartualdiak gogoan edukitzeko, ez ahazteko alegia. Eskaleta horretan, irudi eta soinuen elementuez gain, elkarrizketatuak eta gaiak ere apunta daitezke.
Gogora dezagun, gidoi zinematografikoetan egin ohi denez, dokkumentalak eta erreportaiak hiru ataletan banatu ahal direla: aurkezpena, garapena eta ondorioak (amaiera), denbora osoan zehar plot-points edo une gori-goriak finkatuz kontatzen den istorioak arreta piz dezan. Bistan da dokumentala izanez gero, ez dagoela hainbeste presiorik ikusle kopuruak emendatzeko, telebistako erreportaia handietan gertatzen den bezala. Hala ere, pentsa dezagun dokumentalak ere sare sozialetara pasatzen direla behin zinetokietan eta telebistetan ikusitakoan, inpaktu handiagoa lortzeko xedez.
Dokumental ikusgarriak
Dokumentalen artean, euskaraz adibide gutxi ditugu ondoko beste hizkuntzekin konparaturik, baina izan badira. Euskal Telebistak, esaterako, ordubeteko Euskararen jatorria, enigma europar bat deritzona ekoiztu zuen orain zenbait urte.
Beste adibide bat Nabarralde Fundazioak ekoiztutako Belagoa, memoriaren behatokia da. Gogora dezagun Nabarralde-k zenbait DVD egin dituela nafarzaletasuna zabaltzeko asmoz, hau da, Nafarroaren egia historikoa.
Ingeles hizkuntzaren esparruan, Michael Morris izan da AEBetako dokumental ospetsuenak egin dituena, beharbada. Bowling for Columbine (2002) hura egin zuenetik beste dokumental arrakastatsu batzuk (gehienak 2 ordu ingurukoak) burutu ditu milioika ikustaldi ukan dituztenak Youtube-n: Farenheit 9/11, Sicko, Qué invadimos ahora, Trumpland, Planet of Humans eta Finlandiako hezkuntzaz eginikoa. Beste dokumental batzuk nabarmentzearren Free Solo izenekoa aipa dezakegu, berau kirol arriskutsu batean oinarritua. Barta eta Oscar sariak irabazi zituen dokumental horretan Alex Honnold eskalatzaileak, protagonista Honnold bera izanik. Erreportaiak eta dokumentalak maite dituztenentzat Free Solo bideolana oso ona da ikasteko, bi urtetan egindako grabazioak nola egin behar diren apurka-apurka erabateko lana osatu arte. Ondoko trailer honetan ikus daiteke zertaz den Jimmy Chin-en dokumentala.
The Collective zinemagile taldeak mendi bizikletazko dokumentalik politenak egin ditu aspaldidanik. Seasons, Roam eta beste dokumental batzuk historiara pasako dira mendi bizikletaren arloan erreferentzia izanez. Roam, esaterako, 44 minutuko maisulana da eta Youtuben ikusgai dago.
Dokumentalarekin batera, making of Roam deritzon lan laburrak ere plazaratu zituzten, dokumentala nola egin zuten azaltzeko. Hona hemen bi bideo horiek.
Erreportaia handi ikusgarriak
Erreportaia handien artean, RT nazioarteko telebista errusiarrak ekoiztutako Baskortostaneko errepublikari buruzkoa aukeratu dut euskaldunen anai-arrebak baitira baskiriarrak ADN estudioek agerian jarri dutenez. 26 minutuko erreportaia handia da, telebistarako eginikoa baina orain Youtube-n ikusgai dagoena, La lista de Erick saioko erreportaia izanik. Bistan denez, erreportaia handi honetan Erick Fonseca Zárate aurkezle mexikarrak nahiko protagonismoa dauka.
Bigarren adibidea, 23 minutukoa da eta arte martzial mistoen kirolekoa da (UFC). Erreportaia handi honetan Valentina Shevchenko andre borrokalariaren bizitza kontatzen da. Gaztelaniaz egindakoa da Shevchenkok berak Cervantesen hizkuntza ondo menperatzen baitu. Arte Martzial Mistoek inoiz eman duten borrokalari handienen arteko pertsona bat sakonki ezagutzeko aukera ematen du erreportaiak.
Bukatzeko hirugarren adibide bat jar dezagun, UFCtik irten gabe. Kasu honetan Khabib Nurmagomedov borrokalari handiaren inguruko erreportaia berezia dakargu, besteetarik arras desberdina Tashkent hirian eginiko borroketan sakonduz. Erreportaia hau Anatomy of a fighter deritzon saio sortako eta Youtubeko kanaleko saio bat da.
Erreferentziak
Francés, M. (2003). La producción de documentales en la era digital: Modalidades, historia y multidifusión. Madril: Cátedra argitaltxea.
Grierson, John (1946). Postwar Patterns. Hollywood Quarterly,1. bolumena, 2. zbk. (urtarrila) in http://www.jstor.org/stable/1209557
Pérez, Gabriel (2003). Curso básico de periodismo audiovisual. Iruñea: Eunsa.
Soler, Llorenç (1998). La realización de documentales y reportajes para televisión: Teoría y práctica. Barcelona: Cims.