µTorrent 2005. uretan ateratako BitTorrent freeware bezeroa da, BitTorrent, Inc.-ek garatua. Ludvig Strigeus aplikazio honen egilea izan bazen ere, 2006ko abenduaren 7tik BitTorrent, Inc.-en jabetza izatera pasatu zen. µTorrent lehen bertsiotik jardunean egon da eta Microsoft Windows, Mac OS X eta GNU/Linux sistema eragileetan erabil daiteke, baita Android plataforman ere. Gaur egun, programaren azken bertsio egonkorra 3.5-a da. 54 hizkuntzatarako itzulpenak ditu eta bertsio guztiak C++ programazio lengoaian idatzita daude.
Softwarea gutxieneko baliabideak erabiltzeko diseinatu zen, BitTorrent bezero handienen funtzionalitatea eskaintzeari utzi gabe. P2P (Peer-to-peer, parekoen arteko komunikazioa) sarea erabiliz fitxategiak partekatzea du helburu. Beraz, aplikazio honen bidez .torrent fitxategiak (musika, telesailak, filmak, liburuak...) modu erraz eta azkar batean deskarga daitezke. Programak RSS alerta baten bidez deskargak automatizatzeko aukera ere eskaintzen du. Orain dela gutxi, µTorrent Web izeneko web bertsioa jarri da martxan. Fitxategiak berehala erreproduzitzen ditu, nahi den guztia deskarga azkarren bidez gorde ahal izateko.
Programak kritika onak jaso ditu, eta, gainera, lider ukaezina da BitTorrent-en bezeroen artean. µTorrent %100 legala den arren, copyrightdun fitxategiak deskargatzeko erabiltzen da normalean. Hortaz, segurtasun-arrazoiengatik, beti VPN bat erabiltzea komeni da torrent-ak deskargatzen diren bitartean.
µTorrent Portable Apps plataformaren barruan aurkitu dezakegu (µTorrent Portable); honi esker, biltegiratzeko gailu eramangarri batean gorde daiteke (hala nola USB batean). Aplikazio eramangarriaren abantaila nagusiak hauek dira: ez du lekurik kontsumitzen, edozein lekutan erabili daiteke (baita softwarea instalatzea onartzen ez duten ordenagailuetan ere), eta, itxi ondoren, konfigurazio eta aldaketa guztiak kontserbatzen dira. Erabiltzailearen datuak azpikarpeta batean gordetzen dira eta programa eguneratu edo mugitzeko aukera ematen du, datuei eragin gabe.