Blogak webgune arruntak bezalakoak dira, baina badute alderik. Blogak sortzen dira atzean edukiak argitaratzeko sistema bat dutelako, idazleei laguntzen diena edukiak argitaratzen. Sistema horren oinarrian datubasea eta scripting hizkuntza egon ohi dira, nahiz eta batzuetan datubaserik gabe erabiltzen den edukiak daramatzaten fitxategiak direktorioetan gordez. Modu horretan soilik da posible, blog irakurleek informazioa birlortu ahal izatea bilaketak eginez edo etiketak erabiliz. Hori dela-eta, ikus ditzagun blogek dauzkaten elementu arrunt eta bereziak:
- Etiketak: berauek erabiltzen dira blogeko edukiak kategorizatzeko. Kategorien izaera hartzen dute eta sarritan bizpahiru etiketarekin aski izan daiteke sarrera edo mezu baten informazioa bilatu eta birlortzeko.
- Permalink edo lotura iraunkorra: blogek irauli egin zuten lotura edo esteken kontzepzioa. Antzinako CMSetan loturak oso luzeak ziren eta hala ia ezinezkoa bilakatzen zen erreferentziatzea. Blogetan, ostera, metodoak batzuk izan daitezke eta guztien oinarrian zera dago: errazki gogoratzeko estekak sortzea. URL edo helbideak, beraz, identifikakorrak eta nola edo hala laburrak izaten dira blogetan. Permalinkei esker, gure sarrerak errenferentziatzen ditugu betiko.
- Frontend-a edo diseinua: blogei txantiloi desberdinak ipini ahal dizkiegu, diseinua eta edukia desberdintzean oinarritzen baitira. Beste txantiloi bat ipintzen diogunean gure blogari, ikuskera aldatu eginen da, baina ez edukia, bistan denez.
- Backend-a edo argitaratzeko sistema: edukiak editatzeko backend edo plataforma behar da, administrazio gunea, alegia. Backend horren bidez sartzen ditugu edukiak blogariok eta erabiltzaile izena eta pasahitza eduki behar backend-ean sartu ahal izateko.
Weblog edo blogak ingelesezko esparruan sortu ziren Internet-en. Euskaraz, bitakora izena ere eman ahal diegu, azken finean, itsasuntzietan bezala, koadernoak bezalakotsuak direlako, eguneroko gertaerak apuntatzeko erabilitako bitakorak, alegia. Beraz, blogaren simila eguneroko koaderno edo diarioarena da. Blogetan egileak edo egileek eguneroko pasadizo, artikulu, bideo, irudi edo edozein eduki argitara dezakete onlineko plataformak erabiliz. Blogean idazten diren mezu edo artikuluak ordenamendu kronologikoz doaz agertzen, azken sarrerak azaleko lehen lekuetan agertuz. Hala ere, gaur egun, txantiloien bitartez, posiblea da ordenamendu hori apurtzea.
Mende honen hasieran asko zabaldu ziren herritarren artean eta lehiakide bilakatu ziren informazioa ematen zuten webgune batzuekin, informazio iturri ere bihurtuz. Blogen teknologiak demokrazia ekarri zien hedabideen arloari, aukera eman baitzien herritarrei beren hedabideak edukitzeko.
Milaka blog topa dezakegu sareen Sarean, eta hainbat hizkuntzatan idatziak. Eta, blog guztiek blogosfera osatzen dute, hau da blog multzo osoa, Internet-en topatzen duguna. Halaber, zenbat blog, hainbat gai edo tematika. Pentsa dezagun askotarikoak direla gaiak, eta posiblea dela herritar bakoitzak blog desberdinak sortzea nahi dituen gaietan sakonduz eta bakoitzarekin bloga sortuz. Hori dela-eta, milioika blog daudela esatea bistakoa da.
Diego Paz-ek infografia argitaratu zuen Wordpress plataformaren nagusitasunaren berri emateko, plataforma horretan munduko makina bat blog sortzen direlako egunero.
Bloga sortzen hasi aurretik, komenigarria da aholkuak irakurtzea, WikiHow gunean agertzen direnak, esaterako.
Blogen sailkapena edo tipologia
Blogak modu askotara sailkatu ahal ditugu. Parametroak asko izan daitezke, baina ohikoak honakoak ditugu:
Blogek atzean duten teknologiaren arabera sailkatu ahal ditugu: Perl lengoaiaz egindakoak, PHP scripting hizkuntzaz eginikoak, Python hizkuntzaz eginikoak eta abar.
Gaikako sailkapena ere egin daiteke, hau da, edukien arabera, blogek dituzten gaiak kontutan hartuz: poesiakoak, informatiboak, zinemaren arlokoak, kiroletakoak eta abar
Beste sailkapen oinarrizko batean, blogak banakakoak izan daitezke edo taldeka egindakoak.
Laugarren sailkapena plataformaren izaeran oinarritzen da, hau da, doaneko plataforma ala ordaintzekoa. Horrela, Wordpress, Blogger, Tumblr plataformak aipa ditzakegu, doanekoak direnak eta abiaburu hainbat jenderentzat.
Google-k erositako Blogger plataformak aukera polita eskaintzen du errazki blog bat baino gehiago kudeatzeko. Horrez gain, nahiko intuitiboa da interfazea aise eta azkar menpera daitekeelarik. Wordpress plataformak ostera profesionalek erabilitakoa da oso malgua eta azkarra delako datubasea darabilelarik. Gainera, Wordpress hamaika plugin ditu CMS ahaltsuek egiten dutena egin ahal izateko. Ondoko irudian Wordpress-ek dituen txantiloi batzuk ikus daitezke, Wordpress.com gunean agertzen direnak.