Iazko edizioa pandemiaren ondorioz ezin izan zen amaitu baina 2020-2021 denboraldiko Euroliga bueltan da. Gurekin dugu berriro, beraz, kluben arteko Europako txapelketarik onena eta jada jokatu dira lehendabiziko 5 jardunaldiak. Jokatu, hala nola. Izan ere, Covid-19a dela eta partida ugari bertan behera gelditu baitira talde ezberdinetako jokalari, entrenatzaile eta sataff-etako kideek positibo eman ostean.
Orain arte gertatutakoaren laburpen azkarra egitearren, esan behar da sailkapeneko goiko postuetan egoteko faboritoen artean soilik Barça dela maila ona erakutsi duena eta garaipen ugari eskuratu dituela talde kataluniarrak. Jokatutako 5 partidetatik 4 irabazi ditu Sarunas Jasikeviciusen taldeak eta sailkapeneko 3. postuan da, Bayern Munichen eta Zalgirisen atzetik baina garaipen eta porrot kantitate berberekin.
Ezin dugu berdina esan Real Madrili edo Anadolu Efesi buruz. Madrildarrek ez diote ondo ekin Euroligari, 5 partidetan soilik bakarra irabazi baitute. Pablo Lasoren taldea sailkapeneko 16. postuan da. Turkiarren aldetik ere denboraldi hasiera ez da onena izan. Egia da Efesen kasuan partida bat gutxiago jokatu duela, baina jokatu dituen 4 partidetatik bakarra irabazita, 14. postuan da Ergin Atamanek zuzentzen duen taldea, bere jokalari onenaren eta Europako jokalari onenaren zain, Shane Larkinen zain hain zuzen ere, orain arte lesionatuta egon baita. Eta Moskuko CSKA nola ez beti faboritoen artean kokatu behar dugu, aurten momentuz jokatu dituen 5 partidetatik soilik 2 irabazi ditu. Beraz, hauek ere ez diote ondo ekin Euroligari eta 13. postuan dira.
Bere aldetik, TD Systems Baskoniak momentuz soilik 3 partida jokatu ditu, 2 bertan behera gelditu zirelako eta jokatutako partidetan 2 garaipen lortu ditu Dusko Ivanovicen taldeak. Une honetan, sailkapeneko 8. postuan dira gasteiztarrak. Sorpresa positiboen artean, esan bezala, Bayern Munich eta Zalgiris daude, 5 partidetatik 4 irabazi dituztelako eta berez, teorian, beheko postuetan egon beharko luketen taldeak direlako, baina oso ondo ekin diete euren denboraldiari.
Aste honetan 6. jardunaldia jokatuko da, oso osorik ez, partidaren bat edo beste bertan behera gelditu ostean, baina hauxe da aste honetako partiden egutegia eta ordutegia:
URRIAK 29, OSTEGUNA
- CSKA – Valentzia 18:00
- ASVEL – Zalgiris 18:00
- Maccabi – Fenerbahçe 20:05
- Real Madril – Bayern Munich 21:00
URRIAK 30, OSTEGUNA
- Khimki – Izar Gorria 18:00
- Olympiakos – Anadolu Efes 20:00
- TD Systems Baskonia – Barça 20:30
Bertan behera gelditu direnak: Zenit - Panathinaikos eta Milano - ALBA Berlin. Gaur bertan partida oso erakargarriak ditugu, Moskun Valentziak jokatuko duena emozioz beterik egongo da eta oso interesgarria baita 20:05ean Maccabik eta Fenerbahçek jokatuko dutena.
Biharkoari begira, 20:00tan partida ona Atenasen, Pireon, Olympiakosen eta Efesen artean eta ondoren, 20:30etan Buesa Arenan Baskonia eta Barça aurrez aurre. Gozatuko dugu.
Oraindik etzun ez baduzu, hauxe da Euroligaren ereserki berria. Euroligaren YouTubeko kanal ofizialetik hartua: