1. Informazio iturriaren definizioa eta delimitazioa
Zalantzarik ez dago gai garrantzitsua eta gogoeta asko egitekoa dela ondoren jorratuko duguna. Irrati-emandegi batek albisteak nondik jasotzen dituen jakiteak eta kanal horiek aztertzeak asko adierazi ahal digu telebistaren ezaugarriez, berriemaile-kopuruaz eta telebistaren joera ideologikoaz. Hedabidearen eta iturriaren artean sinbiosia egon ohi delako gertatzen da hori. Iturriek eta hedabideek elkarren beharra dute. Elkarrekiko dependentzian daude.
Hain zuzen, José M. Caminos irakasleak (1995) honetantxe dakusa kazetarien jardueraren koxka: “iturriek kazetariak behar dituzte, konfidentziak entzuleengana hel daitezen; eta kazetariek iturriak behar dituzte, informazio onena eman ahal izateko. Izan ere, informazio-iturria kazetarien jardueraren gai garrantzizkoa bilakatzen da”.
Manuel López-ek (1995, 29) gogoeta eragiten die irakurle eta telebistalarigaiei, informazio-iturria zer izan daitekeen adieraziz: “Kazetariak ez du albisterik asmatzen. Kazetaria beti ezin da izan notizia bilaka daitezkeen gertaeren lekuko. Kazetaria lekukotasunetan oinarritu behar da berriak emateko. Albiste orok du atzean lekukotasuna. Lekukotasun hauei informazio-iturriak izena ematen diegu. Maltzurrak eta onestak daude...”. Hortaz, iturriaren gaiak erlazio zuzena dauka irratilarien langintzarekin, eta informazioa baldintzatzen du era batera edo bestera. David Randall-ek (1999, 77) Associated Press agentziako Mort Rosenblum kazetariaren hitzak bere egiten ditu, langintza horren garrantzia eta, beraz, informazio-iturriena, azaltzeko: “suhiltzaileak gauerdian sute-abisua jasotzen duenean, prakak janzteko eta sua amatatzeko baino ez du denborarik. Berriemaileak makina bat pertsonari azaldu behar dio nork edo zerk eragin zuen sutea eta zergatik”.
Nolanahi dela, sarrera honetan informazio-iturria sakonago definitu beharra dago, telebistako informazio saioetan erabiltzen direnak aipatu aurretik. Egia esan, iturri kontzeptua oso anbiguoa da Blumler eta Gurevitch (1986) autoreek ere adierazi bezala, zeren eta iturria bera ordezkatzen duten erakunde, gizatalde eta gizabanakoei ere aplikatu baitzaie.
Abraham Moles-ek ematen duen definizioarekin hasiko gara, autore honek nahiko ondo azaltzen baitu iturriaren kontzeptua. Moles-ek jario eta putzu berbak darabiltza iturriaren adiera azaltzeko. A. Moles-en aburuz iturria “mezu-jarioa datorreneko lekua” da, eta putzua, “mezu-jarioa jasotzen deneko lekua”. Apika, hobe genuke leku hitzaz gain, beste hitz batzuk erabiltzea, zeren, toki fisikoa adierazteaz aparte, iturria pertsonak edo erakundeak ere izan baitaitezke. Nolanahi ere, Villafañé eta besteekin bat etorriz (1987), definizio ona da Moles-ena, komunikazio-prozesu bati baitagokio:
Moles-en definizioa osatuena da agian, zeren iturri kontzeptuak putzu eta komunikazio-prozesu baten erreferentzia egiten baitu. Komunikazio-prozesu hau ez da sinplea baina. Kate luzea dela esan genezake, elkarren ondoko iturri eta putzuz osatua; eta katemaila bakoitzak bitartekotza-prozesurako funtzioa eduki dezake. Sistemen Teoria Orokorreko kutxa beltz-en antzekoa da, bere input eta output-ekin (Villafañé et alt., 1987).
Bestalde, Mariano Cebrián-ek (1981) honako definizio hau eman du iturri kontzeptuaz: “komunikazioaren teorian, komunikazioa sortzen duen eta mezuak igortzen dituen erakunde oro”. Definizio orokorra eta baliagarria, kazetaritza ikertzen dugunontzat. Bide beretik, López Zuazo-k (1985) notizia baten datu-etorki modura definitzen du informazio-iturria. Definizio zabal honetan, gertakariaren protagonistatik hasi eta ospitale edo aireporturaino, hainbat informazio-iturri sartzen dira, ikerketak egiteko orduan kasuistika larregizkoan jaus gaitezkeelarik. Bide bertsutik doa Vázquez Montalbán-ek emandako definizioa (1973): “Informazio-iturriak, egia esan, gertakariak beraiek dira, edo gertakarietako protagonistak”. Azken hau ere hagitz zabala izan arren, zer pentsatu eman behar digu, edozein kazetarik beti eduki behar baitu gogoan protagonisten hitzak lortzea, protagonista bera elkarrizketatzea edota gertakariak izan diren lekuaren irudiak eta argazkiak kausitzea; zeregin hau guztiz garrantzizkoa da, era horretan informazioa gertu-gertutik eskaintzen baitiegu entzuleei.
Informazio-iturriaren kontzeptua ur-sorburu modura errepresenta daiteke (Palazio,1997, 155). Ura datu informatiboak dira, informazio-ekaia alegia, eta telebistako berriemaileak datu horiek zenbat eta beheragotik harrapatu, hainbat eta handiagoa da informazioa kalitate eskasagokoa izateko posibilitatea.
Izan ere, informazio-iturriak kazetariari informazioa edo datu informatiboak igortzen dizkioten pertsona, erakunde edo zerbitzuak dira; informazio osoa, hau da, asko aldatu gabe transmititzeko eran dagoena, edo datu informatiboak, kazetariaren esku informazioa osatzeko balio dutenak. Definizio honetan, bistan denez, argitalpenak eta dokumentazio-zerbitzuak ere iturritzat jotzen dira.
Dena den, iturri ororen atzean gizakiak daude. Gizabanakoaren eraginez hornitzen da informazioz iturria edo putzua. Horren arabera, gizakiek igorria da erakunde- edo zerbitzu-iturri desberdinetatik datorren informazioa. Benetako kontzepzioa hori izan arren, erakunde eta zerbitzuen baitan ere jartzen dugu iturri terminoa, Angel Faus irakasleak (1981) ere egin duen bezala. Horrela, adibidez, iturria teletestua dela diogunean, teletestuaren zerbitzua eskaintzen duten kazetariengan pentsatu behar dugu; edo albiste-agentzia dela diogunean, erakunde informatibo horren atzean dauden berriemaileengan.
Moles-engana (1975) itzuliz, eduki-analisia aplikatzen zaien mezu guztiek bi alde dituztela aipatu behar da. Mezu denotatiboa (esaten dena) eta mezu konnotatiboa (esaten den era) elkarrekin datoz iturrietarik heltzen zaizkigun informazio guztietan. Alde semantikoaz eta alde estetikoaz ari naiz; adieren alorrean murgiltzen den errealitatea alde batetik, eta adierazteko moduekin eta estetikarekin erlazionaturiko alorra bestetik. Bi errealitate edo alor hauek aintzakotzat hartzekoak dira albistea sortzen denetik uhineratu edo papereratu arteko komunikazio-prozesu osoan zehar. Iturrietatik beraietatik garatzen dira bi alor hauek, eta bitartekoak zenbat eta gehiago izan, hainbat eta fidagarritasun txikiagoa eman behar diegu informazioei. Kazetariek ongisko dakite zeinen garrantzitsua den hori, eta horregatik eduki behar dute hasieratik argi zer-nolako iturriak nahi eta behar dituzten.
2. Informazio iturrien sailkapenak
Lehenengo eta behin, esan dezagun bi bide segitu ohi direla informazioa erdiesteko: alde batetik, hedabideak berak bilatutakoan aurkitzen den informazioa dago; eta bestetik, gizarteko erakunde, pertsona zein elkarteek komunikabideetara bidaltzen dutena, interesak eraginda. Mar Fontcuberta-k (1993) dioen bezala, bi bide hauetan barna abiatzea eta beraietan gertatzen direnak —hedabide eta iturrien arteko harremanak— aztertzea, albisteen ekoizte-prozesuan jazotzen den zeregin konplexuena eta oinarrizkoenetarikoa da. Beraz, prozesua, ezin daiteke ongi azter, iturrien sailkapena egiten saiatu ezean.
Lan exhaustiborik eta nekezik egiteko asmorik gabe, ondorengo lerroetan iturrien zenbait sailkapen interesgarri jarri nahi ditut, irratilariek informazio-biltze lanean dauden hutsuneak, okerrak eta iturri batzuekiko gehiegizko menpekotasuna ikus ditzaten.
Josep Ma Casasús-ek (1988) hiru multzo handitan banatzen ditu kazeta-albisteak lortzeko metodoak: 1) Baliabide pertsonalak eta kazetariaren beraren iturriak; 2) ohiko iturriak, hots, konbentzionalak direnak; eta 3) informazioaren iturri espezifikoak eta noiz-behinkakoak. Baten batek pentsa dezake, hiru multzo horietako bakar batek ematen dizkigun errekurtsoak nahiko izan daitezkeela informazioa lortzeko. Hala ere, eskuragarri ditugun baliabide eta iturri guztiak dira baliagarriak gure informazioa gorpuzteko. Casasús irakasle katalanak dioskun bezala, informazio-lan baten bikaintasuna iturri eta baliabideetan jartzen diren eginahalei esker kausitzen da. Baina jar dezagun ondorengo laukian Casasús-ek egindako albiste-iturrien sailkapen osoa:
1. Baliabide pertsonalak eta kazetariaren beraren iturriak
a) Pasiboak: behaketa zuzena edo ustegabekoa, entzunaldi ez-sistematikoa eta irakurketa kontingentea.
b) Aktiboak: ikerkuntzaren, elkarrizketa teknikoen eta dokumentazioaren bitartez lortzen direnak.
c) Pertsonalak: kazetariaren hezkuntza akademiko eta kulturala, bere oroimen profesionala, kazetariaren agenda profesionala eta harreman publikoak, eta fitxategi eta artxibo pertsonalak.
2. Ohiko iturriak
Iturri antolatuak direnak: albiste-agentziak, prentsa-kabineteak, kazeta, aldizkari, buletin eta liburuen hustuketa metodikoa eta irrati eta gainerako ikusentzunezkoen entzunaldi edo behaketa sistematikoa.
3. Informazioaren iturri espezifikoak eta noiz-behinkakoak
Gertakariaren protagonistak, lekukoak, erakunde publikoak, alderdi politikoak, sindikatuak, gizarteko elkarte desberdinak, enpresak eta gizartean eragina daukaten pertsonak
Bestalde, Villafañé, Bustamante eta Prado irakasleek (1987) honako iturri hauek bereizi zituzten irrati-telebistako lan-ohiturak aztertu zituztenean:
1. Zentro erregionalak.
2. Berriemaileak eta erreportariak.
3. Dokumentazioa eta hedabideko agenda.
4. Gobernu-iturriak.
5. Patronalak eta enpresari-elkarteak.
6. Sindikatuak.
7. Alderdi politikoak.
8. Erakunde sozialak.
9. Adituak.
10. Testigantzak.
11. Albiste-agentziak.
12. Beste informazio-hedabide batzuk.
13. Bestelakoak.
Beste autore batzuk exhaustiboagoak dira —David Dary (1970) eta Javier Muñoz (1994), kasurako— hainbat news beat, sektore edo iturritegi aipatuz: erabaki-zentroak, hezkuntza-zentroak, bidaiak, kirol-esparruak, sektore baztertuak... Gogora dezagun David Dary-k ondokoa adierazteko darabilela news beat hitza: “a beat is the news source or sources for which a certain newsman is responsible, and in a large community there may be several new beats”.
Sailkapena informazioaren eskuragarritasun-mailaren arabera egingo bagenu, lehendarra, bigarrendarra... eran bereiz genitzake iturriak; horrela, telebistako berriemailea gertakariaren lekuko zuzena balitz, lehendarra edo primarioa genuke iturria: bitartekari gehiago egonen balira, bigarrendarra (sekundarioa), hirugarrendarra (tertziarioa) eta abar genituzke.
Albiste batzuk esklusibaz ematen dira zenbaitetan. Hori gertatzen denean, iturri lehendarrari egiten diogu erreferentzia, hots, kazetariari berari; edota iturri bigarrendar edo hirugarrendar bati, informazio pribilegiatua ematen digunari preseski. Iturri pribilegiatu horiei Mar Fontcuberta-k (1993) fuentes exclusivas deritze. Izaera desberdina dute, ordea, iturri konpartituek, hau da, irrati-estazioari albiste-kopuru jakin bat igortzen diotenak, informazio-zerbitzuen eguneroko lana erraztearren.
Bestalde, interesgarri deritzot José Martínez de Sousa-k (1992 2 ) iturriak nola sailkatzen dituen azaltzeari. Gaztelaniaz iturri kontzeptuari jarri ohi zaizkion adjektiboak baliatuz, iturrien tipologia zabala egin du, prentsa idatzirako bezala ikusentzunezkoetarako ere balio duena:
1. Iturri ahalduna (edo baimendua). Aipa ezin daitekeen iturri ofiziala.
2. Ongi informatutako iturria edo iturri ona. Zehaztu ezin daitekeen iturria, baina informazioa berma dezakeena.
3. Kontsulta-iturria. Kazetariari lagungarri zaizkion liburu eta lan intelektualek osatzen dutena (hiztegiak, urtekariak, entziklopediak, artikuluak...)
4. Iturri dokumentala. Argitalpen baten kontsulta-elementuek osatzen dutena; hala nola, argazki-artxiboa, ebakiak, agiri egiaztatuak, gutunak, dekretuak, legeak eta arautegiak, fitxa biografikoak etab.
5. Atzerriko iturria. Atzerrian dagoen iturria eta nazioarteko informazioa igortzen duena.
6. Iturri indibiduala. Berriemaile, korrespontsal edo kazetaria.
7. Erakunde-iturria edo iturri instituzionala. Pribatua zein publikoa den erakunde baten prentsa-kabinetea edo harreman publikoetarako bulegoa.
8. Iturri lokala. Hedabidea dagoen eskualdean kokaturik, noizean behin zein maiztasunez informazio interesgarria eman dezaketenak. Besteak beste, polizia, ospitaleak, suhiltzaileak, erakunde zibikoak etab.
9. Iturri nazionala. Interes nazionaleko informazioak datozeneko guneak.
10. Iturri ofiziala. Gobernuaren edo beraren erakundeen izenean informazioa igortzen duen gunea.
11. Iturri ofiziosoa. Bere izenean, eta ez daukan karguaren izenean, informazioa igortzen duena.
12. Iturri partikular edo pribatua. Bere izenean informazioa igortzen duena.