Udako bi hilabete luzeek askotarako ematen dute. Oporretan joan eta lan egiteko tarterik ere izan dut, munduan barrena murgildu aurretik, Espainiaren zilborra ezagutu dut haur talde batzuen eskutik. Udalekuak urtero dira abentura berrien heldulekuak, eta aurtengoak ere hala izan dira, Quintanar de la sierran, Burgosen.
Bi txanda antolatzen ditugu udan Errenteriko Gaztedi Aisialdi Elkartean, "Kanpa txikia" eta "Kanpa handia" eta aurtengoan txikiekin etortzea esleitu zait, gustura asko!
Haurrak iritsi aurretik, asteburu oso bat ematen dugu kanpamentu guztia ongi antolatu eta gure lurrak antolatzeko. Denda guztiak ekarri behar dira honaino kamioietan, muntaia guztia egin behar da, sukaldea jarri, komonak... bisitariak heldu aurretik dena prest utzi behar da. Muntaiaren asteburua amaitzen denean, Euskal Herrira itzuli eta bi egunez deskantsua hartzen dugu, ondoren asteazkenean goizeko 8etan Errenteriko Niessenetik aterako den autobusak energia guztiak kontsumitu ez diezazkigun begiraleei!
15 egun paregabe aurretik, eta hamaika pirata gure atzetik.
an
Quintanar de la sierrako lurretan bi astez mugitu gabe egotea gogorra izango litzateke, eta aspergarria. Udalekuek bizitasuna eta abentura behar dute hortaz 3 eguneko "Kaminata"ri ekiteko beharrezko ekipamendua bildu, kantinplorak beteta motxilak bizkarreratu eta ibiltzeari ekin diogu: Duruelo eta Playa Pita dira aurtengo helburuak. Lo non? baimentzen diguten edozein belazeetan, esterilak ere baditugu eta.
Azken astean sartu aurretik, Playa Pitan esnatu gara Durueloko txangoa bertan amaitu baitugu. Haur guztiak gustora, pedalo horietan ibiltzeko aukera izan dutelako, eta helduak ere ederki, haurren ebaluazioa egiteko ekintza paregabea izan baita. Pantano osoa ezagutu dugu bi orduz pedalei eman eta eman jardun ondoren.
Leku berriak ezagutu, esperientzia berriak bizitu eta lagun berri asko eginda bueltatzen naiz etxera, datorren urteko kanpa txikian pentsatzen dagoeneko, eta sentimenduak gainezka!