Atal honetan ziberkazetaritzaren garapena zein izan den ikusiko dugu. Azken urteotan, teknologiari esker, asko aldatu da kazetarien lanbidea ulertzeko era Interneteko aplikazio eta zerbitzuak ere asko garatu direlako hein batean. Bestalde, Blockchain teknologia ere kazetaritza iraultzeko sortu da, prosumerren garaian herritarrei ahalbide handiak eman baitzaizkie.
Bistan da ziberkazetaritza asko garatu dela World Wide Web sareko protokoloa erabiltzen hasi zenetik. HTTP protokoloak kazetaritzaren aro berriari hasiera eman zion, nahiz eta XXI. mendearen hastapenean kazetari askok ez zuten sinetsi ziberkazetaritzan. Hala ere, denbora igaro ahala, argiro ikusi da Interneteko kazetaritzak irentsi duela paperez argitaratzen ziren hainbat hedabide eta hedabideetako idazgelak zeharo aldatu dira EITBn ikusi den bezala. Internetek herritarrei aukera eman die haiek ere albisteak eta iritzi artikuluak argitaratu ahal izateko edota hedabideak sortzeko ere.
Hasieran, Web izeneko sarean egiten zen kazetaritza profesionala ia-ia kopia hutsa zen, paperean egiten zenarena, eta gaizki ikusten zen jende xumeak blogetan plazaratzen zuen edukia, profesionala ez zela adieraziz. Ziberkazetaritzak, alta, aurrera egin zuen eta urteen poderioz bilakera handia ukan du gaur egun ezagutzen dugunera arte.
Azken urteotako estadistikak kopuru handiz horniturik daude. Estadistikako kopuruak itzelak dira, Adam Singer blogariak The Future Buzz gunean 2009an agertu bezala. Hona hemen kopuru batzuk 2016ko datuak ere agertuz 2009-2016 urte tarteaz jabetzeko:
- 133 milioi blog 2002-08 urte tartean. 2011. urtean 173 milioi blog zeuden (1). 2013An, Wordpress eta Tumblr blog sistemek zegoeneko beraien artean soilik 157 milioi blog batzen zituzten (2). 2016an Internet Live Statistics deritzon guneak kopuru handiak eskaintzen ditu une oro beheko irudian ikusi ahal den bezala; eta NetCraft aipatuz, 2014ko irailean 1000 milioi webgune zeudela esaten du, 2016ko irailean 1082 milioi izanik (3). Bistan da, webgune horietariko gehienak blogen teknologia erabiliz egiten direla, egun oso zabaldurik baitaude blog sistemak CMS kontzeptua (Content Management System) berenganaturik.
- 346 milioi pertsonak irakurtzen ditu blogak (comScore, 2008ko martxoan); internauten % 77ko kopurua da. Pingdom webguneak estadistika ematen du 2013ko urteari dagokiona (4).
- 1.750.000 RSS harpidedun zituen Techcruch blogak. Teknologiazko informazioa plazaratzen duen blog hori irakurrienen artean zegoen, datua 2009ko urtarrilekoa izanik. Bestalde, 2015-2016 urteetan ia 300.000 webgunek erabiltzen dutela RSS sindikazioa erakusten du BuiltWith guneak (5).
- Google bilatzailea egunero 2000 milioi bilaketa egiteko erabiltzen zen 2008. urtean. 2016an, estadistika segunduka egin behar da, honakoa izanik: 40.000 bilaketa egiten ditugu Google bilatzaileaz segundu bakoitzean; horrek dakarkigu 3,5 bilioi bilaketa egunero (6).
- YouTube gunean 70 milioi bideo zeuden argitaraturik 2008. urtean. 2014. urteko urtarrilean 4 mila milioi bideo zeuden; urte berean mila milioi erabiltzaile ditu Youtubek. 2016an Youtube-ren estadistikaren arabera, 1.000 milioi erabiltzaile zituen Google enpresarena den bideoguneak (7), hau da, Interneteko erabiltzaile guztien ia heren bat. Eta horrez gain, 76 hizkuntzatan erabil daiteke Youtube, munduko populazioaren ehuneko 95a erdietsiz. Youtube-ren tokian-tokiko bertsioak 88 estatu edo naziotan daude eskuragarri.
Eta horrela kopuru handiak aipatzen segi genezake, besteak beste Singer blogariaren datuei erreparatuz edota estadistika enpresek ematen dituztenak kontutan hartuz. Beraz, bistan da kazetaritza ere aldatu dela denboraren joanean. Orain, beste erronka batzuk ageri dira ziberkazetaritzan, orain urte batzuk pentsaezinak zirenak. Sare sozialak agertu ziren Web 2.0 mugimendutik, eta egun horrek kazetaritza sozialaren kontzeptua ekarri du errealitatera. Informazio kanalak IM edo Berehalako Mezularitza sistemetan ere agertzeraino heldu gara. Kazetaritza pertsonala eta soziala puri-purian daude, inteligentzia kolektiboaren bidez, sarriro onena non den asmatzen delarik.
Euskararen esparru eta komunitateetan ere asko dira blog pertsonalak egiten hasi ziren pertsonak baina geroago konturatu zirenak taldekako lana ezinbestekoa zela irakurle kopuruak emendatzeko. Horrela, taldeka hainbat proiektu sortu ziren euskaldunek ere informazioa beren hizkuntzan jasotzeko: Aiaraldea.eus, Zuzeu.eus, Eibar.org, Nafarberri.com, Mastodon.eus eta abar. Bien bitartean, geure buruari galde diezaiokegun galdera da ea hedabide publikoek zer paper jokatzen ari diren kazetaritza partehartzailea sustatzeko. Saiakerak egin arren, ezer gutxi ikusi dugu azken urteotan. EITB erakundeak Aupatu izeneko infogune partehartzailea sustatu zuen garai batean, baina azkenean itxi egin zuen. EITBn ere eguraldia emateko orduan herritarren argazkiak ageri ohi dira, eta hori ere bada pauso bat kontutan hartzeko eta partekatzeko herritarren edukia.
Bukatzeko, ekar dezagun hona, Wikipediak dioena kazetaritza sozialari buruz, hobeto ulertzeko kontzeptu hau (8):
Social journalism is a media model consisting of a hybrid of professional journalism, contributor and reader content. It is similar to open publishing platforms, like Twitter and WordPress.com, except that some or most content is also created and/or screened by professional journalists. Examples include Forbes.com, Medium, BuzzFeed,and Gawker. The model, which in some instances has generated monthly audiences in the tens of millions, has been discussed as one way for professional journalism to thrive despite a marked decline in the audience for traditional journalism