Bistakoa da teknologiak zerikusi handia eduki duela kazetaritza partehartzailearen sorreran. Internet, Web-a eta aparatu elektronikoak (telefonoak, portatilak, phabletak, bideo-kamerak...) izan dira kazetaritzaren aldaketa ekarri dutenak. Baina, egon da faktore bat oso inportantea izan dena eta mende honen hasieran gertatu dena: blogen arrakasta. Blogek aukera ematen zuten elkarrizketa abiarazteko eta era horretan partehartzea handituz joan zen.
Kazetaritzako adituek aldaketaren berri eman zuten zenbait liburu argitaratuz. Horietariko batean, honakoa agertu zen (Jenkings & Thorburn, 2003):
"Maiz hedabideak eta kontsumitzaileak aipatzen ditugunean eta erreferentzia egiten diegunean, ikusten ditugu rol edo paper desberdinak dituzten agente sozialak bezala; baina horren ordez, partehartzaileak bezala ikusi beharko genituzke, oraindik gutako inork ulertzen ez dituen arau batzuk aplikatuz beraien artean elkar-eraginak dituztenak."
Hitz horiekin ikusten zen zegoeneko, 2003an, herritarren partehartzea informazio prozesuetan. Baina hiru maila ikus ditzakegu informazioaren esparruan izan den bilakaeran (Domingo et alt, 2008; URL: http://www.participatoryjournalism.org):
Lehen maila ikusteko, komunitate txikiei erreparatu behar. Komunitate horiek zerbait partekatzen zuten: hizkuntza, ideologia, interesak edo kokatze geografikoa. Komunitate txiki horietan komunikazioa ahoz egiten zen, hau da, ahotik belarrira nolabait azaltzeko, hots, zuzeneko harremana eta pertsonala burutuz. Mezulariek eta bidaiak egiten zituztenek kontatzen zituzten notiziak eta beraiei esker enteratzen zen jendea gertakariez. Komunitate horietan hedabideak ez ziren beharrezkoak, herritarrak beraiek baitziren informazioa kudeatzen eta interpretatzen zutenak. Oraindik geratzen dira munduan horrelako komunitate txikiak, betiko metodoa darabiltenak informatzeko.
Bigarren mailan, gizarte moderno eta konplexuak dira. Komunitate txikietan gertatu bezala, informazio egarria dago, baina komunitate handiak direnez, zaila da kideek informazio prozuaren funtzio guztiak betetzea. Gizabanakoen arteko komunikazioa zaildu egiten da. Sare soziala handiagoa da eta errazagoa da informazio bat bidetik galtzea. Horregatik, hedabideak erabiltzen dira komunikazio eraginkorra ziurtatzeko. Informazio agentziak eta kazetariak izaten dira informazioa eskuratzen dutenak. Horrez gain, hautatu ere hautatzen dute, iragazi, ekoiztu eta jendeari helarazten diote hedabideak baliatuz. Hortaz, informatzeko prozesuan, herritarrek protagonismoa galtzen dute maila honetan, laugarren boterearen esku utziz dena, hedabideen esku, alegia.
Hirugarren mailan, modernitatearen ondoko gizarteak ditugu. Gizarte hauetan, herritarrek berriro ere dute protagonismoa edukitzeko aukera. Informazio prozesuetan aktiboago partehartzeko aukera ageri da gizarteko kideentzat. Notiziak sortzeko ahalmena dute sare sozialen bidez informaziobideen jabe izateraino helduz Internet-eko Web 2.0 mugimenduari esker. Blogspot, Wordpress, Wix, Tumblr plataformak guztien esku daude eta horri gehituz gero mikroblogging sistemak (Twitter, nagusiki) edonon topa daitezke herritarrek eginiko informazioak.
Beraz, egun hamaika berriemaile daude, profesionalak eta ez-profesionalak direnak, telefono bidez informazioa bidaltzeko gai direnak, munduko edozein txokotatik eta denbora errealean informatzeko prest, horixe da gure aroa. Egoera berri hau deskribatzeko “elkarrizketa” berba erabili da sarritan. Bukatzeko, David Domingo irakasle katalanak eta bestek Participatory Journalism izeneko liburuan idatzitako lehen hitzekin amaituko dugu:
"The English words “ journalism ” and “ journey ” are cousins. Both stem from the Latin word diurnalis , which means “ daily. ” Over time, one came to mean a daily record of transactions, while the other was used to describe a day ’ s work or travel. Today, journalism is on a journey into uncharted territory – and the road is crowded with all manner of travellers."
Kazetaritza partehartzailea posible egiteko arau multzo bat argitaratu zuen Huffington Post egunkariak. Guztitara, bederatzi arau ageri dira, hona ekarri ditudanak laburturik:
1. Egintzak baino ez: ahalik eta zehatzenak izaten saiatu behar dugu. Inoiz ez dugu xehetasunik asmatu behar edo historia arkolatu.
2. Zurrumurruak albo batera utzi: kazetariok egintza bakoitza benetakoa denentz ikertzen omen dugu, iturria kontsultatzen dugu, alegia. Horixe da bidea kazetaritza ondratua egiteko.
3. Baliogabeko iritziak albo batera utzi: argia eta objektiboa izan, hori da kontua, bazter utzi behar dira subjektibitateak, informazioari ezer gehitzen ez diotenak.
4. Plagioa eta kredituak: ez da inoiz plagiatu behar eta kreditua beti jarri behar da jakiteko ekaia zeinek egin duen.
5. Ortografia eta gramatika: idazlana ondo txekeatu behar da, behin eta berriro, errakuntzarik gabe utzi arte.
6. Argazkien integritatea: abisatu egin behar da baldin eta beste inoren argazkiari aldaketa egin bazaio, horrela irakurleari ziririk ez sartzeko.
7. Norberak beti identifikatu behar: elkarrizketatuak edo informazio iturriak beti jakin behar du nor garen eta zer hedabidetan argaitaratuko den.
8. Iturria identifikatu: elkarrizketatuaren deklarazioen erregistroa egin behar da. Off the record deritzon deklarazioa errespetatu behar.
9. Iturriak txekeatu behar: gogora dezagun iturriak dokumentuak ere izan ahal direla.
Kazetaritza partehartzailean zenbait ezaugarri ikusi ohi dira. Azken buruan, irakurleei aukerak ematean datza kazetaritza mota hori. Irakurlea partehartzaile bihurtzeko zenbait egoera gertatu ohi dira, partehartzailetzaren barometroa izan ohi dena. Gure webguneetan eman ditzakegun aukerak honakoak izan daitezke:
1. Aukera ematen dugu edukia libreki ikusteko. Partehartzailetzatik urrun geratzen dira egunkariak, beren edukiak ikusi ahal izateko pasahitza eskatzen dutenak. Kasu horietan egunkariaren balioa edukian dagoela esan ohi da eta eduki bikaina argitaratzen dutenez, ezer gutxi axola ohi zaie irakurleei aukerak ematea elkarrizketa egon dadin edo sareetara eraman dezan ikusi berri duen eduki hori.
2. Aukera ematen dugu iruzkinak jartzeko. Gaur egun, aukera hau webgune gehienetan ageri ohi da. Baina garai batean, blogak agertu arte, ez zen horren ohikoa iruzkinak jartzeko atala ikustean infoguneetan.
3. Aukera ematen du irakurleak edukiak kuratzeko eta eramateko sare sozialetara. Edukiak erreferentziatzea dakar egintza horrek. Informazioa izugarriro zabal daiteke sare sozialen logoak ikusten baditugu Nafarberri infogunean bezala, sarrera bakoitzaren azpian honako sareak agertzen direlako:
4. Aukera ematen dugu irakurleak esan dezan gustatzen zaion ala ez. Batzuetan, modu desberdinetan agertu ahal da egintza hori, Meneame.net gunean bezala. Albisteak meneatzea edo ikutzea nahikoa da albistea laket dugula adierazteko. Hortaz, zenbat eta meneo gehiago eduki, orduan eta aukera handiagoa azalean edo lehenbiziko orrialdean agertzeko.
5. Aukera ematen dugu irakurlearen eduki propioa jartzeko. Elkarrekin guztion artean egindako webgune horizontala sortzen da horrela. Pauso nagusia da partehartzea handitzeko edo emendatzeko garaian.
Erreferentziak
1. Jenkins H. eta Thorburn D. (2003). Democracy and New Media. The MIT Press, Cambridge.
2. Domingo David et alt. (2008). Journalism practise: Participatory Journalism practises in the media and beyond. An international comparative study of initiatives in online newspapers, URL: http://dx.doi.org