Aurrekoan beldur moten inguruan aritu ginen, beldur neurotikoaz hitz egin genuen, pentsamendu eta emozioekiko beldurraz hain zuzen. Beldur neurotikoen zergati nagusia beldurrarekiko beldurra dela esan dezakegu; hara hor, saihestezin izatearen arrazoia. Askotan, beldur neurotikoek izu edo antsietate erasoak eragiten dituzte; Rafael Santandreu-ren ustetan, izu-erasoak zorte txarrarekin dute zerikusia. Izan ere, inolako arrazoirik gabe, bihotzeko taupada arraroak, zorabioak.... Edo bestelako sentsazio deseroso eta itogarriak sentitzeko zorte txarra duen edozeinek, beldur neurotikoaren gurpil zoroan murgiltzeko eta antsietate erasoak pairatzeko aukera handiagoak izango ditu. Gaurkoan beldur horiei aurre egiten ikasiko diegu. Horretarako, Santandreu psikologoak proposatzen dituen 4 urratsei erreparatuko diegu: "Aurre eman", "Onartu", "Hegan egin" eta "Denbora igarotzen utzi".
"Aurre eman". Ikara eraginarazten diguten egoeretara bidaiatzean datza, eta horiek sentiarazten diguten sentsazio deseroso eta itogarriak behin eta berriz jasatean. Sentsazio horiek behar bezala ezagutzeko gai garenean, ikara erasoen aurrean gure burua defendatzeko edo babesteko tresnez hornituko gara. Izan ere, aurreko argitalpenean esan bezala, beldurrak sentsazio hutsak dira, ez gaituzte minduko, ez gaituzte hil egingo. Adibide pertsonal gisa, duela ez hainbeste, sentsazio horiek era errepikakorrean azaltzen zitzaizkidan. Kasu batzuetan, ez zuten inolako arrazoirik. Behin kontzertu batera sartzeko nengoela, eztarria sikatzen hasi zitzaidan, handituta nabaritzen nuen. Sentsazio horrek urduri sentiarazi ninduen, beldurtuta nengoen, ez nekien zer zen, ezin nuen arnasarik egin. Urduritasun horrek bihotzeko taupadak azkartu zizkidan eta bularrean etengabe zirauen presio deseroso bat sentitzen nuen. Beso osoan zehar inurridura jasanezina hasi zitzaidan, eskua lo geratzen zitzaidala nabaritzen nuen; bihotzekoa zela uste izan nuen. Sentsazio horiek identifikatzeko gai izan banintz, ez nuke antsietate erasoa sufritu izango; gakoa horixe da, ezagutzea, identifikatzen ikastea, Sentsazio horiei ezin diegu hanka egin.
"Onartu". Badago onartu hitza ezin hobeki deskribatzen duen aditza: men egitea. Izan ere, aipatutako sentsazioei ezin diegu aurka egin, horiei aurre egiteko, horiek sentitzen ikasi behar dugu, sentitu behar ditugu.
"Hegan egin". Rafaelen ustetan bi errealitate barneratu behar ditugu. Tentsioak ez gaituela laguntzen eta sintomak ez direla gauetik egunera desagertuko. Sentsazio deserosoaren baitan "eroso" egoten ikasi behar dugu. Lehen aipatu bezala, esandakoa lortzea errepikapenaren emaitza da. "Nada es tan Terrible" liburuan, Rafael Santandreu psikologoak, haren paziente baten hitzak baliatzen ditu "Hegan egin" urratsaren azalpen gisa: "Ayer entendi el término flotar. Me desperte a las cinco de la mañana con un fuerte ataque de ansiedad. Generalmente, cuando me da un ataque tengo que tomar calmantes y quedarme en la cama todo el día. Pero me acordé de los cuatro pasos y decidí salir de la cama flotando. No sé como lo hice. De forma suave, me puse la ropa de deporte y, con cuidado de no alterar mi sistema nervioso, sali a correr. Todavía era de noche."
"Denbora igarotzen utzi". Antsietate gaixotasuna, nabaritzeko gai ez garen arren, denboran luze irauten du. Horregatik, horrelako egoeretan aurkitzen zareten guztiei, zera esango nizueke, lasai egon. Sentsazio horiek inoiz desagertuko ez direla dirudien arren, etorri diren bezala joan egingo dira. Oso frustragarria den arren, horrela da, pazientzia izan behar dugu, sintoma horiek errepikatu egingo dira, baina ikasi dugun bezala, horiek identifikatzen ikasiz, pixkana-pixkanaka joan egingo dira eta lasaitasuna gure gorputzaz jaunduko da.