Ohorezko B Mailako bederatzigarren jardunaldian Gernika Rugby Taldeak denboraldiko zazpigarren garaipena eskuratu du. Babyauto Zarautz Rugby Taldea garaitu dute gernikarrek Astin, azken emaitza 16 eta 27-koa izan delarik.
Partida hasi aurretik jakina zuten bi taldeek ez zela neurketa erraza izango, baina aurreikusitako guztiari zelaiaren egoera gehitu behar izan zaio. Astiko zelaia basaztuta izateak partidua gogorragoa izatea eragin du.
Neurketa ezin hobeto hasi da gernikarrentzat, laugarren minutuan Bruno Mercantiren eskutik lehen entsegua eskuratu dutelarik, baina azkar iritsi da ordea zarauztarren erantzuna. Zelaian ondo kokatua zegoen Gernika, bereziki lehen hogei minutuetan, Mercantiren beste entsegu batekin markagailuak 5 eta 10ekoa adierazten zuela. Orduantxe Andoni Larrabeitik txartel horia ikusi du eta Zarautz nahi zuen jokoa erakusten hasi da. 10 eta 10ekoa jarri dute markagailuan.
Berriz ere bi taldeak hamabost jokalarirekin zirelarik, eta atsedenaldia iristeko pare bat minutu baino falta ez zirela Langi Lolotongak eta Solomona Parakik Gernikaren aldeko bi entsegu lortu dituzte. “Mona” Paraki berak ez du lau entseguetan transformaziorik lortu, eta atsedenaldia iritsi denerako markagailuak Gernikaren aldeko 10 eta 20koa erakusten zuen.
Bigarren zatia hasi bezain laster “Mona” Parakik txartel horia ikusi du eta zarauztarrak zigor-kolpeaz baliatu dira markagailuan hurbiltzen hasteko. Bigarren zati honetan neurketan partidan lehia mantentzen zen, baina Gernikak neurri handi batean nagusitasuna erakustea lortu du. Diziplina ezak, gehiegizko zigor-kolpeek ahalbideratu dute gipuzkoarrak markagailuan gerturatzea. Gernikarrek aukerak izan dituzte partiduan zehar markagailuan alde egiteko, baina jokaldiak burutu ez, eta neurketa bukatzeko hogei minutu falta zirelarik lau puntuko abantaila baino ez zen bizkaitarren alde.
Partida bukatzear zela erasoko-bonus puntuaren bila zebiltzan: hau lortzeko entsegu bat behar zuten gernikarrek. Zarauztarren batek, ordea partida galtzea suposatu zezakeen. Bost bat minutu gelditzen zirelarik, Lindokhule Welemuk, neurketa honetan Gernikan debuta egiten zuen jokalariak, txartel gorria ikusi du; bizkaitarrak jokalari bat gutxiagorekin gelditu dira. Hala ere, partida bukatzeko bi minuturen faltan iritsi da gernikarren entsegua; Langi Lolotongak baloi bat ostu eta bost puntu lortzea suposatzen zuen entsegua lortu du. Parakik transformazioarekin lortutako puntuek azken emaitza izango zen 16-27a jarri dute markagailuan.
Etxera bost punturekin itzultzeko helburua bete dute gernikarrek.