Barazkiak eta arrautzak, merkea, azkarra eta goxoa

Hasteko, esan beharra daukat ni ez naizela elikagaietan aditua. Jatea gustuko duen pertsona naiz eta batzuetan presaka ibiltzen dena. Bi gauza horiek kontuan hartuta, gaur errezeta hau dakarkizuet: arrautza frijituak barazki gainean.  Hauek dira erabili ditudan osagaiak:

  • Piper gorri 1
  • Patata ertain 1
  • Kuiatxo edo kalabazin 1
  • 2 arrautza
  • Gatza
  • Espeziak bakoitzaren gustura, piperbeltza etabiliko dut nik.

Kantitateak gustuaren eta gosearen arabera alda daitezke. Denbora: 15 minutu.

  1. Hasteko, txikitu patata, piper gorria eta kuiatxoa zati txikietan. 
  2. Sua baxu jarrita, bota piper gorria eta kuiatxoa zartagin batean. Sua ez dugu asko igoko , helburua ez delako barazki hauek frijitzea, biguntzea baizik. Bota gatz pixka bat eta piperbeltza.
  3. Beste zartagin batean patata zatiak botako ditugu. Hau su altuan jarriko dugu hasiera batean, eta gero pixka bat jaitsiko dugu, erre ez daitezen. 
  4. Patata eginda dagoela erraz jakingo dugu, eta beste barazkiak bigun eta saldatxoarekin egotea lortu behar dugu. 
  5. Hauek egindakoan, patata frijitzeko zartagina hartu eta bi arrautza frijituko ditugu. 
  6. Azkenik, barazkiak plater batean jarriko ditugu, eta bi arrautzak gainean. 

On egin!