José J. Muñoz eta César Gil autoreek definitu duten bezala, kronika “egileak ematen dizkion elementu formal edo literarioak dauzkan informazio garatua” da. Kronikaren oinarrian notizia bat egon daiteke, edo notizia-sorta bat, beren denbora-koinzidentziak zein prozedentziak zein tematikak lotzen dituzten notiziek osatzen dutena.
Informazio hutsaren eta kazetagintza interpretatiboaren artean dago. Ez dugu ahantzi behar, datu gaurkotuak edukitzeaz gainera (informazio hutsa), kazetariak bere erara molda ditzakeela datuak. Izan ere, zilegi da albisteetan baino hiztegi aberatsagoa erabiltzea, baita xehetasun anekdotikoak edo garrantzi gutxiagokoak sartzea ere. Telebistalariak bere ikusmiratik atontzen ditu datuak kronikan sartzeko.
Kronikan “sarrera” edo “lehen pasarteak” ez du zertan albistearen gaiaren laburpena izan, notizian jazotzen den bezala.
Alde batetik, estilo-malgutasuna onartzen da, eta bestetik, egokitu egin daiteke albistegi bateko notizien eta bloke edo atalen arabera. Zuzenean zein grabaturik, kronista hizlari-aurkezlearekin edo albistegiko gidariarekin gera daiteke aurretiaz, hasiera edo sarrera kolokiala egiteko, informazio saioari bizkortasuna eta gorpuztasuna-edo emateko asmoz.
Gaiari gagozkiola, kronikak mota honetakoak izan daitezke: legebiltzarretiko kronika, kronika beltza (edo gertaera-kronika), kirol kronika, zezenei buruzko kronika eta abar. Gogora dezagun kroniketan kazetariak figura literarioak erabili ahal dituela. Kronika ez da erreportaia, zeren kronikan malgutasuna baitago genero interpretatiboen artean sartu ahal baitugu.
Prozedentzia edo etorkiari dagokionez, normalenak ondokoak dira: korrespontsal edo berriemaleek bidaltzen dituztenak eta “bereziki igorritako kazetariek” bidalitakoak.
Korrespontsala, leku jakin batean dagoen berriemailea da, berari dagokion eskualde zein herri zein nazioan sortzen diren albisteak jasotzeaz arduratzen dena. Behin albisteak jasoz gero, irrati-emandegira bidaltzen ditu bere ahots propioaz. Telebistek sarritan berriemaileak dituzte atzerrian eta bertatik kronikak ere bidaltzen dituzte, erreportaiez gain. Telebistak tokian-tokikoak badira laguntzaileak eduki ditzakete kronikak egiteko. Egia esan, gaur egun teknologiak aukera ematen du kronikak aurreko mendean baino errazago burutzeko, grabatzeko tresnak-eta ia herritar guztien esku daudelako.
Izan ere, kronikek jarraikortasuna sortu ohi dute. Telebistetako nagusien agindupean, “igorritako kazetaria” garrantzi handiko jazoera baten berri emateko gertaera suertatu den lekura joan ohi da informatzaile. Eta hau horrela izanen da, telebistak leku horretan korrespontsalik ez duelako edo gaiaren garrantziak horrela eskatzen duelako, agentzien eta korrespontsalen lana gutxi izan daitekeelakoan.
Kronika egiteko momentuan fase edo denbora hauek ikus ditzakegu:
- Gaia hautatzen da
- Ikerketa egiten da, ahalik eta daturik gehien lortzeko.
- Lortutako datuak atondu egiten dira eta kanpoko grabazioak prestatzen dira.
- Grabazioak egiten dira, irudiak eta audioa kalitatezkoak izaten saiatzen da
- Postprodukzioari ekiten zaio, bideoak montatzen.
- Berrikusketa egiten da
- Pantailaratu egiten da
Ondoren, ikus dezagun kirol kronika bat, UFCko inoizko borrokarik handienarena (arte martzial mistoak); zehazki, Khabib Nurmagomedov Dagestaneko borrokalari errusiarraren eta Conor McGregor irlandesaren arteko borrokari dagokion kronika da; baina, kasu honetan lehenago eta amaitutakoan gertatu ziren gatazken ingurukoa, Gonzalo Campos kazetariak egina. Ikusi ahal denez, Campos aditua da arte martzial mistoen arloan. Hortaz, mende honetako borrokarik haindienaren inguruko kalapitak izan ziren kronikaren lehengaia.