Bistan da, gure aroa sare sozial eta mobilen aroa dela. Azken urteotan patrikako telefonoen garapenak eta erabilerak gorantz egin dute etengabe. El Mundo egunkariak 2019ko maiatzeko titular batean zioenez, Espainian herritar bakoitzak 50 egun egiten ditu Interneteko webguneak eta sare sozialak begiratzen. 2020an Page Cooper adituak estatistika bilduma ederra argitaratu du Hootsuite aplikazioaren blogean. Cooper-ek diosku mundu osoko herritarren ehuneko 50ak sare sozialak erabiltzen dituela, hots, 3,8 milioi pertsona dira sare sozialen erabiltzaileak. 2019tik 2020ra bitartean ehuneko 9,2ko hazkundea gertatu da.
Gaur egun, ehundaka sare sozial topa ditzakegu Interneten eta Blockchainen. Telefono mobilei esker, hainbat gauza egin daitezke edonon gaudelarik sare sozialen aplikazio eta webguneei esker. Kazetaritza herritarren esku jarri dute teknologia berriek. Herritarrek orain boza altxatu ahal dute euren iritziak eta gogoetak plazaratzeko. Seguraski gutako gehienok ezagutzen ditugu Jamie Spencerrek bildutako 65 sare sozial ospetsuetako batzuk.
2015ean Cluetrain Manifiesto-ren egileek tesi berriak erantsi zituzten Internetek azken urteotan izandako bilakaerari kritika zorrotzak eginez. Sare sozial handietan gertatzen den pribatutasun eza eta sare sozialen kontzentrazioa dira kexa nagusiak. María Lázarok Community Manager izeneko liburuan dioen bezala, Weinberger eta Searls egile horiek aipatuz,
Facebook baldin bada zure esperientzia guztia Interneten, bistan da enpresa baten betaurrekoak jantzi dituzula, eta enpresa horrek lan egingo duela sekula ken ez ditzazun betaurreko horiek.
Tamalez, hori gertaten da, zaila baita maiz sare sozial batzuetan izena kentzea edo ateratzea. Enpresa horiek herritar gehiegiren datuak gordetzen eta saltzen dituzte, behin baino gehiagotan ikusi dugun bezala. Neurri batean Twitter, Facebook, TikTok eta gainerako sare sozialek aldaketa handia ekarri dute kazetaritzara. Egun, kazetariek ere egon behar dute sare sozialetan datuak eskuratzeko edo informazioak plazaratzeko. Eta gainera elkarrizketak egin behar dituzte beste kazetari eta herritarrekin datuetan sakontzeko edota albisteetan informazioa ala desinformazioa dagoen argitzeko.
Testuinguru hoentan komunitate kudeatzailearen lanpostua sortu da hedabide eta marketinaren esparruan. Sare sozialetan presentzia edukitzeko eta informazioa kudeatzeko kazetariak izaten dira community manager izeneko herritarrak. Baina, erne, kudeatzaile horiek ez dute zertan izan behar kazetari. Herritarren kazetaritzak horrelako gauzak ekarri ditu. Orain edozein izan daiteke kazetari ona, kazetaritza ikasketak egin gabe. Izenak edo praktikak egiten gaitu kazetari egun. Bestalde hedabide sozialetan denetariko edukiak edo ekaiak topa ditzakegu, informatzeko, dibertimendurako zein hezteko.
Minutuoro ikusten ditugun erabiltzaile kopuruak izugarriak dira eta covid-19 gaixotasunaren pandemiak handitu egin du hazkundea sare sozialetan, Domo.com gunean infografia baten bidez erakutsi duten bezala.
Grafiko hori aurreko urteotako grafikoekin konpara daiteke konturatzeko zein azkar mugitzen diren sare sozialak gorabehera handiak edukita, bai arrakasta bukatu zaielako, bai eta bat egin dutelako beste sare handi batzuekin. Testuinguru honetan kazetari profesionalak inoiz baino itzartuago egon behar dute beren lanpostuak arriskuan egon daitezkeelako. Nolanahi ere, bistakoa da egun paparezko hedabide handi batzuek baino arrakasta gehiago ukan dezaketela izen ona eta sinesgarritasuna landutako herritar batzuek, Enrique Dans-ek egin duen bezala. Horixe da irakasbidea: egun kazetariak praktikan erakutsi behar du abilezia informazioa eta komunikazioa kudeatzeko eta komunitateak sortzeko bere inguruan. Amaitzeko, hona hemen beste erreferentzia garrantzitsu bat kazetaritza objektiboaren arloan, Ignacio Escolarrena hain zuzen ere. Sare sozialen eta bot-en garaian inportantea da erreferentzia onak edukitzea, oso erraz manipulatzen direlako datuak sareetan, Facebook-en gertatu bezala.