Sare sozialetan, komunitate kudeatzaileak egin behar duen langintza bat DAFO analisiak burutzea da. Ahuldadeak eta bertuteak ikustea da DAFOren oinarria (debilidades-fortalezas). Azterketa hori egiteko txantiloi bat prestatzen da, ondorengo irudian ikusi ahal dugun bezala. Guztitara lau lauki ikusten ditugu eta bertan bertuteak, ahuleziak, oportunitateak eta mehatxuak jarri behar ditugu.
Bertuteak: hedabideak edo sare sozialak dituen gaitasunak eta baliabideak lehiakortasun abantaila diren aldetik, mantendu eta indartu egin behar diren gauzak dira. Enpresaren atalak ongi uztarturik badaude, erraz gauzatu ahalko dugu sare sozialak sustatzeko edo suspertzeko estrategia. Horrela, bezeroari arreta, marketina edo barneko komunikazioa izeneko atalak ongi badaude, bertuteak ikusten baditugu beraietan, pauso handi bat edukiko dugu emanda. Onlineko izen ona ere bertute handia izaten da, ezbairik gabe. Webguneak ikustaldi eta elkarreragin asko edukitzea ere ongarria denez gero, bertuteen arloan sartu behar.
Ahuleziak: zuzendu eta gainditu egin behar diren barneko arazoak dira, sare sozialen estrategiari traba jartzen dioten arazoak, alegia. Esaterako, kazetari gutxi edukitzea, formakuntza eza nabaritzea, aurrekontu eza eta abar. Ahuldadeak asko izan daitezke, eta komeni zaigu guztiak zerrendatzea. Gainera ikus daiteke webgune nagusia eta sare sozialak ez daudela ongi uztarturik edota sare sozialen soslaiak makal xamar daudela. Beste ahuldade bat ikusleen tipologian egon daiteke, bezeroak ez direlako benetan bilatzen direnak. Askotarikoak izan daitezke ahuleziak.
Oportunitateak. Enpresari fabore edo on egiten dioten kanpoko zirkunstantziak sare sozialetan indartsuago egoteko. Esaterako, kanpoko lehiakideek merkatu batzuk alboan uztea, lehiakideek bezeroekiko elkarreraginik ez sortzea, edota lehiakideek bezeroari arreta zerbitzurik ez ematea.
Mehatxuak. Inguruan ditugun elementuak dira, sare sozialen estrategiari oztopo edo kalte egiten diotenak dira. Besteak beste, sare sozialetan algoritmoak aldatzea izan daiteke mehatxu bat, edota funtzionalitate batzuk desagertzea, edota ordaintzen diren kuoten prezioak goraka egitea ere. Mehatxuak asko izan daitezke, eta mehatxuei irtenbide eta B planekin erantzun behar.
Aditzak jarri behar izatekotan, honakoak hautatzen ditugu esparru bakoitza definitzeko:
- Ahuleziak: zuzendu beharrekoak
- Mehatxuak: aurre egin beharrekoak
- Bertuteak: indartu beharrekoak
- Oportunitateak: gauzatu beharrekoak
Mehatxuak eta oportunitateak kanpoko arloari dagozkio: merkatuari, sektoreari, inguruari, lehiakideei, alegia
Ahuldadeak eta bertuteak barneko arloari datxezkio: hedabidea edo enpresa dagoen egoerari, antolakerari, finantzei, alegia.
Beraz, hedabideetan ere aplika daiteke AHUBE edo DAFO analisia estrategia egokia bideratzeko.