1. Sarrera
Ikusentzuleria telebistan, garrantzizko gaia da telebista kateek bizi ahal izateko, iraun ahal izateko. Telebista pribatuak dituzten herrietan neurri handi batez publizitateari esker bizi dira kateak; eta entzuleria zenbatekoa, halakoa izaten da diru sarrera publizitateak telebistako kateari emandakoa. Gogora dezagun Espainiako erresuman 2019an bataz beste 222 ordu (3:42 ord.) eman zituela herritar bakoitzak telebista ikusten egunero. Bestalde, teleikusle bakoitzak 5 ordu eta 7 minutu eman zituela telebista ikusten (Barlovento enpresaren datuak).
Euskal hizkuntzan hitz bat baino gehiago erabili behar ditugu gaztelaniazko edo frantsesezko audiencia/audience hitzen bidez adieraz daitezkeen esangurak geure egiteko. Alde batetik, entzule-indizea edo entzuleria berbak darabiltzagu euskaraz honako hau adierazteko: hedabideen mezuak jasotzen dituen entzule-kopurua. Bi horiez gain, entzule-kopuru hitz elkartua ere balia dezakegu kontzeptu hori aditzen emateko. Baina, batzuetan audiencia/audience hitza beste hau adierazteko ere erabili ohi da erdaraz: “difusión o impacto de un mensaje” (Martínez de Sousa, 1992, 57), “mezu baten inpaktua, hedapena edo arrakasta”, alegia. Kasu horretan, euskaraz audientzia hitza erabiltzen dugu. Beraz, dela egintza, dela kopuru edo indizea, euskaraz ez dugu zertan beti hitz berbera (audientzia) erabili, erdaraz ele bakarraz erabiltzen diren kontzeptuak adierazteko.
Arturo Merayo-k (1992, 150) irratiari erreferentzia eginez, audientzia kontzeptuari emandako definizio osatua aintzat hartzea merezi du: “irrati-estazioko audientzia erlazio bat da —entzuketaren zenbatasunari dagokiona—, denbora jakin batez estazioak hedatzen duen irrati-ekoizkin baten edo batzuen eta horrelako mezuak jasotzen dituzten jasotzaile kolektibo (etxekoak) zein indibidual, heterogeneo, sakabanatu, aldakor eta anonimoen artean gertatzen dena”.
Ikus ditzagun normalean erabiltzen diren kontzeptuak, entzuleriari buruzkoak direnak, Martínez de Sousa (1992) eta Muñoz eta Gil (1986) autoreei segituz. Entzuleriaren esangura arruntaz hasiko gara:
a) Entzuleria: telebistek igorritako mezuak jasotzeko eran dauden entzule guztiak.
b) Entzuleria potentziala: telebistaren kasuan, komunikabideek igorritako seinalea jaso dezaketenak; telebista-emandegiaren uhinak edo digituak heltzen diren eskualde batean bizi eta hargailua eskueran duten pertsona- edo entzule-kopurua litzateke.
c) Egiazko entzuleria (Abraham Moles-en arabera “audientzia netoa”): komunikabide baten edo batzuen bidez, mezu bat behin gutxienez jaso duten entzuleen kopuru osoa.
d) Entzuleria espezifikoa: telesaio edo kate jakin batetiko mezuak jaso edo jasotzen dituzten pertsona guztiak. Gogora dezagun espezifizitateak edo mezuen berezitzeak biltze-faktorea areagotzen duela.
e) Audientzia erabilgarria: entzuleria espezifikoaren partea, zeinari mezua doakion. Publizitatearen kasuan, esaterako, gurpil-marka bati buruzko iragarki baten entzuleria, ibilgailua duten eta merkataritza-mezu hori jasotzen duten pertsona guztiek osatzen dute.
f ) Entzuleria bikoiztua: komunikabide desberdinetatik mezu bera jaso duten entzule guztiak.
g) Entzuleria metatua: hedabide edo bitarteko berdinetik mezu bera (errepikatuz edo elkarren ondoko emisioak eginez) jasotzen duten pertsonak.
h) Auditorioa: une zehatz eta jakin batean telebitako emanaldi edo saioari darraikion entzuleria efektiboa (edo egiazko entzuleriaren partea).
i) Entzuleria aktiboa: telebistako saio jakin batean parte hartzen duten ikusentzuleak, feed-back deritzona burutzen dutenak, alegia.
J) Helburu-entzuleria (target audience): John Haslings-ek esaten digun bezala (1980, 93), helburu-entzuleria entzule modura iritsi edo atxiki nahi ditugun pertsonak dira. Telebistan lehiakortasun handia dagoenez, kontzeptu hau puri-purian dago; gainera, helburu-entzuleriak eragin handia dauka telebistako kateak dituen edo eduki ditzakeen iragarleengan eta beren ekoizkinen salmentetan.
2. Ikusentzuleen aldia
Lehenbizi entzun aditzak zer esan nahi duen esan behar dugu eta aditu aditzarekin erkatu, Nafarroako herritar askorentzat hitz baliokide hutsak dira-eta. Entzutea ondokoa da: telebista bateko mezuak jasotzeko prest egotea; hots, telebistatik heltzen diren irudi-soinuen jasotze fisikoari gagozkio.
Entzulearen interesaren eta giroko gorabeheren arabera, adialdia ez da beti berdina izaten, eta, beraz, ez dugu gogaldi berdina mezu guztien aurrean.
Hiztegian entzun eta aditu kontzeptuak honela azaltzen dira:
• Entzun: soinua sentitu (entzumenez soinuak jaso) entzumenaren bidez sumatu.
• Aditu: esaten denaz jabetu (ezentzun egin badu ere, ongi aditu du), ulertu.
Horren arabera, adialdia eta entzunaldia bereiz ditzakegu:
1. Entzunaldia: mezuak arreta berezirik gabe jasotzen direnean. Jakitunek diotenez “arreta” pasiboa gerta daiteke, zeren eta ahalgarri baita irakurtzea, sukaldatzea, etxeko lanak egitea etab., musika, albisteak edo publizitate-mezuak entzunez. Izan ere, egunean zehar eta zenbait saiotan arreta gabeko uneak gertatzen dira.
2. Adialdi aktiboa edo iraunkorra: telebista-saio batean interesaturik dauden entzuleena. Entzuleek, beraiek nahita, arreta mantentzen dute. Adialdi-mota hau saio berezituetakoa izaten da (kultur saioetakoa adibidez); ez da nahastu behar adialdi pasiboan gertatzen diren noizbehinkako arreta-uneekin.
3. Audientziak Espainiako telebistetan
Lehenbizi ikus dezagun Barlovento enpresak emandako datuak, Espainiako Erresumarako emanikoak 2019ko otsailean:
Ondoren, Espainiako autonomietan diren telebista kateen audientziak jar ditzagun. Ikusi ahal denez, Katalunia da bakarra ehuneko hogeia gainditzen duena:
Bukatzeko, ekar dezagun autonomien mapa, zehazki ikusteko telebista kate bakoitzak non irabazten duen ikusentzuleriari dagokionez (datuak 2019ko irailean argitaratuak dira):
Erreferentziak
Martínez de Sousa. José. “Audiencia” in Diccionario de información, comunicación y periodismo. Madril: Paraninfo, 1992 2 .
Merayo, Arturo. “El sujeto receptor de la comunicación radiofónica” in Para entender la radio. Salamanca: Universidad Pontificia, 1992, 147-170 orr.
Muñoz, José Javier eta Gil, César. “La audiencia” in La radio. Teoría y práctica. Madril: IORTV, 1986.