Garaipena eskuratu du Gernika Rugby Taldeak Ohorezko B Mailari dagokion bederatzigarren jardunaldian. Gaztedi Rugby Taldea garaitu dute gernikarrek Urbietan, azken emaitza 55 eta 0koa izan delarik.
Partidaren lehen urratsetan, lehen hamar bat minutuetan bereziki, Gaztedik lana eman dio Gernikari. Hamabostekoan ez esperotako zenbait aldaketarekin zelairatu direlarik, gernikarren jokoa oztopatzea lortu dute neurketa hasi berri zela. Azkar lortu du ordea Gernikak lehen entsegua Simon Lilicamaren eskutik. Solomona Parakik transformatzea lortu, eta, Gaztedik baloia berriz ere jokoan jarri duenean, Langi Lolotongak baloia eskuratzea lortu du; Peio Urrutiari pasea eman eta hark, lehen entsegutik bi minutu soilik igarota etxeko taldearentzat bigarrena egitea lortu du.
Gernikak Gaztedik planteatu nahi zuen jokoaren irakurketa ona egitea lortu du, eta bere planifikazioari jarraituz markagailuan tartea egiteko gai izan da. Hogeigarren minuturako gernikarrek hirugarren entsegua eskuratu dute Iker Olaeta kapitainaren eskutik. Lehen bi entseguekin gertatu bezala, hirugarren entsegutik pare bat minutu baino pasa ez direla iritsi da Gernikaren laugarrena; oraingoan Gaizka Iturriagaren eskutik. Markagailuak 26-0koa adierazten zuen. Dinamika berean sartuta, azkar etorri da Jon Aboitizen entsegua, eta berdin Xabier Albizuarena; azken hau lehen zatiko seigarren eta azken entsegua izan da, markagailuan 38-0koa jarri duena.
Bigarren zatian, markagailuan ikus zitekeen abantaila aintzat hartuta, Gernika aldaketez baliatu da aulkian zeuden jokalari guztiak zelairatzeko. Dinamika onean jarraitu du etxeko taldeak, besteak beste, melean aurrera pausua eman eta kolpeak ateratzeko gai izan direlarik. Gernikarrentzat ez ze erraza lehen zatian erakutsitako intentsitate berarekin aritzea bigarren zatian, baina harez gain defentsan ere ondo aritu dira basurdeak.
Bigarren zatia hasi eta gutxira, Abdelafatah Es Saheb-ek, “Afte”-k, Albizua ordezkatu du, eta, pare bat minutu igarota, Gernikaren aldeko beste entsegu bat egitea lortu du. Neurketa amaitzeko hamar bat minutu baino falta ez zirelarik, basurdeek zortzigarren entsegua eskuratu dute, berriz ere Peio Urrutiaren eskutik. Denborak aurrera eginda, bazirudien neurketa 50-0 horrekin bukatuko zela, baina azken minutuan “Afte”-k bere bigarren entsegua lortu du. Partidaren amaieran markagailuak 55-0ekoa adierazte zuen Urbietan.
Bost puntu gehiago gernikarrentzat, sailkapen orokorrean 41 punturekin bigarren postuari eusteko balio duten bost puntu. Gernikari lanean jarraitzea soilik gelditzen zaio, denboraldi amaieran sailkapen orokorrean ahalik eta goren egote aldera. Datorren jardunaldian Real Oviedo Rugby izango du aurkari Gernika Rugby Taldeak. Hamar jardunaldi igarota, Oviedo hamargarren da sailkapen orokorrean 10 punturekin.